Oihu Anizkoitza dokumentala aurkeztu dute, Ibon Fernandez Iradiren kasua lau-haizetara zabaltzeko

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urr. 28a, 11:24

Etzi jakinaraziko du Pariseko Dei Auzitegiak Ibon Fernandez Iradi herriko presoa aske utzi ala ez, duen gaixotasun larria kontuan hartuta. Aste honetan hainbat ekimen antolatu dituzte Lasarte-Orian, ‘Oihu anizkoitza’ dokumentalaren emanaldia eta ostiral iluntzeko mobilizazioa besteak beste.

Esklerosi anizkoitza du Fernandez Iradi presoak. Gaixotasun sendaezin eta degeneratiboa da eta Lannemezan espetxean dago gaur egun. Dokumentalean islatu nahi dute gaixotasun hori tratatzeko kalean egotea ezinbestekoa dela.

Presoaren senideak, abokatuak, Jaiki Hadiko medikuak, gaixotasun bera duten pertsonak eta legelariak agertzen dira ordu erdi irauten duen dokumentalean. Fernandez Iradik kalean zergatik behar lukeen argudiatzen dute: ospitalera eramateko oztopoak, legearen interpretazioa, esklerosi anizkoitzak sortzen dituen ondorioak, espetxean gaixotasuna artatzeko zailtasun eta ezinezkotasuna...

“Ibon maite dugunok” sinatuta doa dokumentala. Urtebetez lanketan aritu direnak ordea Beñat Iriondo, Rosa Ormazabal, Donetz Iradi, Ane Fernandez Iradi, Asier Burgaleta, Oihana Salazar eta Jurdana Anton izan dira.

Hitzaldi-aretoko ikusleen aurrean azaldu zuten antolatzaileek Oihu Anizkoitza izenburuaren jatorria: “Oihua eskubideak aldarrikatzeko hitza da, laguntza eskatzeko, bidegabekeriak azaleratzeko; oihuak animoa edo adorea emateko ere balio dezake. Anizkoitza berriz, anitza da, plurala, sentsibilitate ezberdinak, alor ezberdinetakoak, elkarturik helburu bakar bat lortzeko hitza azken finean”, adierazi zuten egileek. Ibon Fernandez Iradiren esker oneko mezu bat ere irakurri zuten ekitaldia amaitu aurretik.

Epaiaren esperoan

Orain azken epaiaren zain daude senide eta lagunak. Hiru aukera aurreikusten dituzte ostegunerako: Fernandez Iradiri osasun arrazoiengatik ezarritako zigorraren etetea ez dagokiola erabakitzea (espetxean jarraituko luke), ekainaren 25eko epaia bere baitan berrestea; (kasu horretan ere espetxean jarraituko luke herritarrak, beste epaitegi batek erabaki beharko bailuke frantziar administraziopeko lurraldean izateko debekua kendu ala ez, eta horrek hilabeteetako luzatzea eragingo luke) eta azkenik baldintzarik gabe berehala aske uztea.

Atzoko ekitaldian gogorarazi zuten Ibon Fernandez Iradi ez dela larriki gaixo dagoen preso bakarra. Kasu itzulezinak pairatzen dituzten beste presoen askatasuna ere eskatu zuten hitzaldi aretoan bildutakoek eta ostiral iluntzean (20:00) Okendon egingo den mobilizaziorako deia ere zabaldu zuten.

Txintxarrik iaz Ibon Fernandez Iradiri egin zion elkarrizketa: http://txintxarri.info/elkarrizketak/ibon-fernandez-iradi--preso-politikoa-----------espetxeak-gaixotu-egiten-du-276B66C/