Kamel Ziani Lasarte-Oria Bai! Kroseko irabazlea: “Arantza kendu ahal izan dut”

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urr. 27a, 12:04

Orioko lasterkari beteranoak txapela eskuratu zuen 33:26ko denboran ibilbideko 10,5 kilometroak eginda. Berak aitortu bezala, iazko bosgarren postua gainditu eta garaipena lortzeko helburuarekin etorri zen atzokoan herrira.

Ez zen lehenengo aldia maratoi lasterkari beteranoarentzat Lasarte-Orian. Nazioarte mailako garaipen asko lortutakoa da Ziani baina dagoeneko distantzia luzea utzita du eta herrikoa bezalakoetan parte hartzea gustuko du.

Nola sentitu zara korrika?
Hiru Hondartzetako krosa egitetik nator. Horretan hirugarren sartu nin-tzen, eta helburua zen hemen Lasarte-Orian garaipena lortzea. Iaz bosgarren sartu nintzen eta aurten arantza kendu eta garaipena lortzea nuen buruan. Gustura egin dut lasterketa. Pixkat sufritu dut ibilbidearen erdialdean baina konturatu naiz kideak ere sufritzen ari zirela eta eutsi egin diot.  

Irabazle ikusten zinen?
5. kilometroan bakarrik ikusi naiz, bigarrenari 10 segundo atera dizkiot eta orduan bai, irabazle ikusi naiz. Azken kilometroan sufritu arren, garaipena gertu edukita, motibatu naiz eta ondo bukatu dut. Pozik nago lortutako denborarekin. Ez dut ondo gogoratzen baina uste dut duela urte batzuk marka hobea egin nuela hemen. Hala ere, irabazten denean, bigarren maila batean geratzen da denbora. 

Hurrengo helbururik?
Urte asko eman ditut distantzia luzeko lasterketak egiten eta mundu guztiak galdetzen dit ea Behobia egingo dudan, eta ez, ez dut egiteko asmorik. Gozatzeko egiten dut orain korrika eta Lasarte-Oria Bai! moduko kros herrikoietan aritzen naiz.