Herriko gaztetxoentzat egun handia izan da gaurkoa. Irteera-marran guztiek egonezin handia zeukaten antolatzaileek txilibitua noiz joko.
Ehunka haur, denera 800, izan dira kategoria ezberdinetan zapatilak lotzeko hautua egin dutenak.
Batzuei kosta zaie peto laranja zeukaten bolondresen atzetik lehen metroak egitea. Hasi orduko esprintari ekin nahi izan dio bat baino gehiagok, baina Ostadarreko kideek ez diete utzi. Hortzak estutzeko garaia izango zutela esaten zieten, baina aurrerago.
Erbiek alde egitean... benetako festa, tsunamia. Ezkerretik, eskuinetik, ia gainetik ere bai. Gaztetxoak nola edo hala elkarri aurreratzea zuten helburu eta ohiko eroriko bat edo beste izan bada ere, inork ez du minik hartu.
Txalotuenak, ohi den legez, azken postuetan helmugaratutakoak izan dira, herritarren berotasuna jaso dute neska-mutiko hauek.
Helmugan saria
Esfortzuaren ostean, zain zituzten atleta txikitxoek Jalguneko lagunak. Dominak, ur-botilak eta yogurtak banatzen aritu dira helmuga pasata zegoen postu batean kokatuta.
Kros Txikia eredu baita, eta adibide ere bai aldi berean. Eredu da auzolan eta antolakuntza onarekin gauza ederrak egin daitezkeela erakusten duelako eta adibide berriz, gaztetxoek zeinen jarrera ezberdinak hartzen dituzten ikusteko. Lasterketa berean kosta ahala kosta irabazi behar dutenak daude, eta lagunari eskutik helduta sartzea nahiago dutenak ere bai. Aniztasun horrek ematen dio bizia herriko lasterketari.
Oro har beraz, festa egun handiaz gozatzeko aukera izan dute gaztetxo lasarteoriatarrek.
KROS TXIKIKO ARGAZKI-GALERIA: http://txintxarri.info/galeria/646/