Kamel Zianik irabazi du XIX. Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urr. 26a, 16:21
Zeruan eguzkia da nagusi gaur. Lasarte-Oriako kaleetan berriz, Orioko tximista bat: Kamal Ziani. 33:26 minutu markatzen zituen markagailuak Zianik helmuga pasa duenean. 1.000 parte-hartzaile inguruk bete dute 10,5 kilometroko ibilbidea. Emakumeetan Karen Ortiz de Guinea hernaniarra izan da lehenengoa, 42:42 minutuko denbora eginez. Elbarrien kategorian berriz, Jose Antonio Iglesias oriotarrak poltsikoratu du garaipena gaurkoan. Podiumean sartzerik izan ez duen arren, Raul Gomez Margallo izan da helmugara iritsi den herriko lehenengo korrikalaria. 34:56 minutu behar izan ditu helmugara iristeko.

Zita berezia da herriarentzat Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia, eta nabaritzen da. Gaurkoan bezala eguraldiak laguntzen badu, zer esanik ez. 10:30ean hasi da lasterketa, baina herria askoz lehenago hasi da girotzen. Antolatzaileak, laguntzaileak, helmuga inguruan tokia hartu asmoz goiz jaiki diren herritarrak, korrikalariak beroketa ariketak egiten... Krosa bete-betean.

Elbarrien mailako lasterkariak izan dira hasten lehenak. Gainontzeko korrikalariak baino bi minutu lehenago ekin diote ibilbidea egiteari. Horren aurretik, Erketz EDT taldeko kideek agurra dantzatu dute, urtero legez. Esatari lanetan Asier Odriozola herritarra aritu da; mikrofonoa eskuan hartuta ahotsa jarri dio gaurko lasterketari. Informazioa, txantxak, oharrak...denetarik uztartu du Odriozolak.

Elbarriak atera eta bi minutura irten dira gainontzeko korrikalari guztiak. Tentsioa eta hasteko gogoa igartzen zen hasierako lerroak hartu dituzten lasterkarien aurpegietan. Erlojua prestatzen asko, azken beroketa ariketak egiten beste asko...Denek bazuten gogo amankomun bat: hasteko agindua lehenbailehen entzutea.

Lasterketa buruan hasieratik

Entzun dute agindua azkenean, eta atera dira 1.000 inguru korrikalari 10,5 kilometroko ibilbidea egitera. Horietatik 415 herriko korrikalariak izan dira. Sei korrikalariko taldetxoa osatu da lasterketa hasi eta berehala: Kamal Ziani, Unai Arroyo, Sergio Roman, Raul Gomez Margallo, Raul Tejado eta Jose Luis Delgado (herritarrak azken hiru horiek). Azkenean Ziani gailendu da Okendo plaza ondoko helmugan, 33:26 minutuko denbora eginez. Hamabi segundora iritsi da Unai Arroyo tolosarra, eta hamalaura Sergio Roman hernaniarra, podiuma osatuz.

Raul Gomez Margallo izan da lehenengo herritarra, 34:56 minutuko denbora eginez. Raul Tejadok (35:29) eta Jose Luis Delgadok (36:03) osatu dute herriko senior gizonezkoen podiuma.

Elbarrien mailan Jose Antonio Iglesias oriotarrak zeharkatu du helmuga lehendabiziko postuan.

Emakumezkoetan Hernaniko Karen Ortiz de Guinea hernaniarrak jantzi du txapela gaur. 42:42 minutuan geratu du erlojua. Usurbilgo Rosa Uribe izan da bigarrena, 43:33 minutuko denborarekin. Podiuma Anabel Eleno herritarrak osatu du (43:57).

Herriko senior emakumezkoen podiuma honakoa izan da: Rebeca Villanueva lehenengo (45:46), Amagoia Fernandez de Lezea (46:41) eta Maite Salazar (51:09).

Beroa, oztopo beste behin

Helmugara iritsi ostean, lasterketan zehar jasandako beroaz kexatu dira hainbat atleta. Beste batzuek ordea, ez dute horrelako sentsaziorik izan. Beroa askorentzat oztopo izan arren, satisfazio aurpegi eta keinuak izan dira nagusi Okendo plaza ondoko helmugan.

Antolatzaileak, “oso pozik”

“Satisfazio” hitza jarri daiteke baita ere Ostadar SKTko kideen ahotan. Aitor Azkonobietak azaldu duenez, “oso pozik” daude antolatzaileak gaurko krosarekin: “Lasterketa ongi joan da, primerako eguraldia egin du eta 1.000 lasterkariren langa gainditu dugu”. Bereziki pozik agertu da herritarren parte-hartze mailarekin: “415 herritarrek egin dute korri aurten, lasterkarien %40 baino pixka bat gehiago; asko pozten gaitu datu horrek. Bestalde, maila sozialari dagokionez ere erantzuna apartekoa izan da, herritar asko gerturatu dira animatzera eta hori nabaritu dute lasterkariek”.

Arazoren bat edo beste ere izan dugu gaurko krosean. Deshidratatuta iritsi da korrikalari bat helmugara, eta konortea galdu du. Donostiako Ospitalera igo dute eta momentu hauetan ingresatuta dago. Antolatzaileek zehaztu dutenez, konortea berreskuratu du eta buelta eman dio egoerari.

Aitor Azkonobietak esker hitzak izan ditu Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiaren XIX. edizioa gauzatzen lagundu duten guztientzat. Elkarlan horri esker aparteko giroa bizitu da herrian, beste urte batez.

Helduen lasterketak eman dituen irudiak ikusteko, joan argazki galeriara.