Urriaren 30ean jakingo da Ibon Fernandez Iradiren epaia

maider-azurmendi 2014ko urr. 25a, 15:39
Eguerdian herritar talde batek agerraldia egin du anbulatorio aurrean Ibon Fernandez Iradi presoaren egoeraz kezka azaltzeko. Datorren ostegunean jakingo da azken epaia zein den. Hau dela eta, astelehenean presoari buruzko “Oihu Anizkoitza” film laburra ikusi ahal izango da Manuel Lekuonan 19:00etan. Ostiralean ere, ekimen berezi bat egingo da gaixo dauden presoen alde Okendo plazan 20:00etan.

Ixiar Arteaga herritarrak hartu du hitza agerraldian “zaila da oso espetxean 12 urte eta gaixotasun sendaezin eta larria duenaren lekuan jartzea”.  Lannemezanen dago preso Ibon Fernandez eta esklerosi anizkoitza tratatu ahal izateko zigorra etetea eskatu zuen. Eskaera duela urte eta erdi egin zuela gogoratu nahi izan du Arteagak. “Berehala hasi behar zuen tratamendua bost hilabete atzeratu zen. Espetxean denborak bestelako zentzu bat omen du, berehalak,bost hilabete luze esan nahi du”.

Ekainean jaso zuen auzitegiaren erantzuna Fernandez Iradik, batetik, kondena etetearen aldekoa zen, “eritasunak Ibon libratzea ekarri behar zuela onartu zuen”. Bestetik, bi baldintza jarri zizkion askatzeari, Frantzian bizitzeko duen debekua altxatu behar ziola eta debeku hori altxatu ondoren, Pirinioetako departamendutik kanpo bizi beharko duela. “Lehenengoak egoeraren larritasuna aitortzen zuen, bigarrenak prozesu luze batean sartuz askatzea zaildu egiten zuen”.

Herrian ekimenak

Abokatu zein fiskalen helegiteak jaso eta epaileak hartuko du erabakia. Honakoa urriaren 30ean, ostegunean, emango du ezagutzera.

Ibonen bizitza dezente baldintzatuko duen erabakia izango dela azpimarratu nahi izan dute agerraldian. “Giza eskubideen aldekoa izatea espero dugu. Behar duen tratamendua jasotzea ahalbideratuko dion erabakia. Gaixorik larri preso dauden gainontzeko presoen osasun eskubidearen alde lan egiten jarraituko dugula jakinik jasoko dugu erabakia”. Bukatzeko larri gaixo diren Ibon eta gainontzeko presoen zigor eteteak eskatu dituzte.

Herritar taldeak Ibonen egoera ezagutzera emateko astelehenean “Oihu Anizkoitza” film laburraren emanaldia antolatu du Manuel Lekuonan 19:00etan eta ostiralean berriz, ekimen berezia egingo dutela iragarri dute gaixo dauden presoen alde Okendo plazan 20:00etan.