Zinemaldiko altxorrak

Txintxarri Aldizkaria 2014ko irailaren 30a

Donostiako Zinemaldia amaitu berri da eta asko izango ziren bertara gerturatu diren herritarrak. Bereziki hitzordu garrantzitsua da ordea Iñigo Artola herritarrarentzat. Urtero hutsik egin gabe, zinema izarren sinadurak bildu eta eurekin argazkiak ateratzeko asmoarekin joaten da. Aurten ere Donostian egin ditu ordu asko eta ahaleginak merezi izan duela kontatu digu. Lehen mailako aktore, zine zuzendari eta ekoizleekin egoteko aukera izan du.

Jakina da Iñigo Artola herritarrak jende ezagunaren sinadura eta argazkiak biltzeko duen zaletasuna.

Bereziki kuttuna da berarentzat Donostiako Zinemaldia. Filmak ikustera joateaz gain, orduak ematen ditu hiriburuan bere bilduman altxor berriak gehitu ahal izateko. Aktore zein zuzendari famatuekin argazkia atera edota sinadurak eskuratu ahal izan ditu. Lan erraza ez dela izaten aipatzen du. Hala ere, aurtengo uztarekin oso pozik dagoela kontatu digu Iñigok berak eta TXINTXARRIko erredakziora argazkietako batzuk ekarri ditu adibide gisa.