Antxota artista-elkartearen aurkezpena

Txintxarri Aldizkaria 2014ko irailaren 20a

Antxota Lasarte-Oriako artista-elkarte sortu berriaren asmoa honako da, “herriko artista guztien bilgune” izatea. Horretarako, topaleku moduko bat sortu asmoz, “Emozioak” izeneko proiektu berria aurkeztu dute Villa Mirentxun.

Inaugurazio ekitaldia festa antzeko bat izan da eta herriko artisten lanak ikusgai izan dira: Jose Luis Mayo eta Edel Pozoren eskulturak, Nicu Barb eta Manuel Mongeren pinturak eta Oscar Barreraren argazkiak ikusteko aukera izan dute Villa Mirentxuko jaialdira hurbildutako dozenaka lagunek. 
Photocall-a eta estilismo desfile bat ere egin dute orrazkera bitxiekin. Idatzien erakusketa ere prestatu dute Aitor Avilak eta Vanesa Sanzek eta ikus-entzunezko lanei dagokienez, “Emozioak” izeneko zazpi minutuko bideo bat ere proiektatu dute.
Aurkezpenean musika faltarik ere ez da izan. Maria Callejas arpa-jotzaileak doinu lasaiak atera dizkie arpa ikusgarriaren sokei eta kontzertu lasaia eskaini du. Denek batera, artista zein herritarrek, afari-merienda egin dute ekitaldia amaitzeko.
Gaurkoa estrainaldia izan da, baina irailaren 26, 27 eta 28an ere erakusketa irekita egongo da Villa Mirentxun, arratsaldeko 18:00etatik 21:00etara arte.