Maialen Chourraut Munduko Txapelketako finaletik kanpo geratu da

Txintxarri Aldizkaria 2014ko irailaren 21a

Ostiraleko sailkapenean denbora onena lortuta, finalera sartzeko arazorik izango ez zuela zirudien, baina piraguismoak halakoak izaten ditu eta gaurko finalaurrekoan ezin izan du hamar onenen artean sailkatu. Ondorioz, 19. eginda, K1 mailako finaletik at geratu da Chourraut herriko palista eta zapore gazi-gozoarekin itzuliko da AEBtako Deep Creek kanal zailetik.

Ama izan ostean elitera itzuli da Londonen brontzezko domina eskuratu zuen lasarteoriatarra, eta aurten Seuko Munduko Kopan garaipena lortu bazuen ere, esku-hutsik itzuliko da etxera. Orain atseden hartu eta 2016ko Rioko Joko Olinpikoetarako sailkapen txartela lortzen saiatuko da Maialen Chourraut.