Abian da VII. Maketa lehiaketa

Txintxarri Aldizkaria 2014ko irailaren 24a

Astelehenetik aurrera hasiko da The Wheel & The Hammond (sari nagusia), Keep Diggin (Lasarte-Oria saria) eta Gabezia (Euskara saria) taldeei lekukoa hartuko dieten taldeak aukeratzeko lehiaketa. Maketa lehiaketaren zazpigarren edizioa da aurtengoa. Hiru sariak mantendu egingo dira. Irailaren 29tik aurrera 'musika@lasarteoriasarean.eu' helbidera bidali beharko dituzte euren lanak (hiru abesti) musika taldeek.

Aurtengo Maketa lehiaketa aurkeztu du Lasarte-Oriako udaleko Gazteria eta Festak sailak. Zazpigarren edizioa izango da aurtengoa. Lanak aurkeztuko epea astelehenean irekiko da, irailaren 29an alegia. Musika taldeek musika@lasarteoriasarean.eu helbidera hiru abesti bidali beharko dituzte.

Hiru oinarri

Gazteria eta Festak sailak hiru oinarri nagusi ezarri ditu lehiaketa honetan. Batetik, formatu komertzialetan inoiz lanik argitaratu ez duten taldeek soilik izango dute maketa lehiaketara aurkezteko eskubidea; egiten duten musika estiloa edozein izan daitekeela zehaztu dute.

Bestetik, lehen esan bezala, musika talde bakoitzak hiru abesti aurkeztu beharko ditu Maketa lehiaketara. Abesti horiek MP3 formatuan bidali behar dira, inskripzio-fitxa eta taldearen argazki digital batekin batera. Dokumentazio horrek guztiak ezingo du 15MB baino gehiagoko pisua eduki.

Hirugarren oinarri bat ere ezarri dute: musika@lasarteoriasarean.eu helbide elektronikora bidali beharko dituzte hiru abestiak eta gainontzeko dokumentazio guztia.

Antolatzaileek nabarmendu dute aipatutako hiru oinarri horiek baldintzen laburpen bat direla. Aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta lehiaketaren baldintza zeha-tzak udalaren web orrialdean jarriko dituzte.

Modalitate desberdinak

Aurtengo Maketa lehiaketak hiru modalitate edukiko ditu, aurkeztutako lanen ezaugarrien eta musika taldeen osaketaren araberakoak: Lehen saria, Lasarte-Oria saria eta Euskara saria. Lehengo urteko edizioko kategoriak mantentzen dira, hortaz.

Lehen saria irabazten duen taldeak 1.000 euro jasoko ditu eskudirutan. Lehiaketara aurkezten den edozein talde izango da hautagai, jatorria eta abesteko hizkuntza edozein izanda ere.

Lasarte-Oria saria irabazteko baldintza bat bete beharko dute musika taldeek: gutxienez taldekideen erdiak herrian erroldatuta egotea. Kategoria horretako saria 700 eurokoa izango da.

Euskararen normalizazioan bidea egiten jarraitzeko eta euskaraz abestera anima-tzen diren taldeei babesa emateko sortu zuten lehiaketaren antolatzaileek Euskara saria, lehengo urteko edizioan. Hortaz, euskaraz abesten duten talde guztiek hartu dezakete parte modalitate horretan. Irabazleek 500 euro jasoko dituzte eskudirutan.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, talde bakar batek irabazi ahalko ditu modalitate desberdinetako sariak, baldin eta horietan parte hartzeko baldintzak betetzen baditu.

Epaimahai batek baloratuko ditu musikarien lanak eta banatuko ditu sariak. Gazteria eta Festak departamentuak izendatuko du epaimahai hori. “Bertako kideak emakumezkoak eta gizonezkoak izango dira neurri berean, berdintasunaren bidean ere lana egiten jarraitzeko”.

Lekukoa hartu

The Wheel & The Hammond Kordobako taldeak irabazi zuen 2013ko Lehen saria. Lasarte-Oria saria berriz, Keep Diggin taldearentzat izan zen. Herrikoa zen baita ere Euskara saria eraman zuen taldea: Gabezia. Astelehenetik aurrera hasiko dira musikariak lehiatzen, 2013ko irabazleen lekukoa hartzeko.