Denera 12 jokalari ditu gizonezkoen plantillak: Ander Otaegi, Iraitz Rodriguez, Unai Rebe, Asier Elola, Jon Baltasar, Asier Rico, Mikel Bermejo, Alberto de la Cal, Beñat Elizegui, Javier Martinez, Joseba Carrasco eta Endika Marrahi. Horietatik 11 dira lasarteoriatarrak eta bakarra donostiarra.
Jokalari gehienak lehenago beste talderen batean ibili dira saskibaloian jokatzen eta beste batzuentzat aldiz, lehendabiziko aldia da. Hala ere, denak daude baloia noiz boteka hasiko irrikaz.
Urriaren 5ean ekingo diote denboraldiari, eta bertan ikusiko da zer egiteko gai diren Gipuzkoako 3. mailan, baina printzipioz talde polita osatu du Ostadarrek eta mailaz igotzeko borrokatik gertu ibiliko dira mutilak.
Kategoria honetan, zortzi taldeko bi multzo osatzen dira eta lehenengo hirurek lortzen dute igoera faserako sailkatzea. Ostadar SKTren aukariak honakoak izango dira A multzoan: Ganbara (Andoain), Ordizia, Katu kale (Eibar), Mutriku, Zarautz, Andraitz (Legazpi), Take Coach (Tolosa) eta Ostadar SKT (Lasarte-Oria).
“Multzo zaila daukagu, baina behintzat igoera fasera sailkatu nahi dugu gero mailaz igotzeko borroka egin dezagun, talde polita daukagu eta lehiakorrak izaten saiatuko gara”, adierazi du Endika Marrahi Ostadar SKTko jokalariak eta klubeko saskibaloi alorreko arduradunak.
Garaipena lagunartekoan
Joan den ostiralean lehengo partidua jokatu zuten herriko mutilek. Ostadar SKT-k Donostiako Askatuak taldearen aurka aritu zen eta lasarteoriatarrek garaipena lortu zuten 73-47 emaitzarekin. Baloiarekin eta taldekideekin lehen kontaktua izateko norgehiagoka aproposa izan zen kiroldegian jokatutakoa.
Endika Marrahi jokalaria pozik zen neurketa amaituta: “Batez ere sentsazio onak eta taldearen gogoa izan dira garaipena lortzeko baldin-tzak, ilusio handiarekin gaude denboraldi honi begira. Iaz hasi ginen proiektu hau prestatzen eta dagoeneko forma hartu du, ea noraino iristeko gai garen”. Datorren astetik aurrera jokatuko ditu partida ofizialak Ostadar SKTk.