Hogeita hamar bat pertsona hurbildu dira Okendo plazara 11:00etan, Ondo ibili ekimenaren barruko lehenengo ibilalditxoan parte hartzeko. Gogotsu ekin diote paseoari, Okendo plazan talde argazkia atera eta gero.
Udaleko ordezkari, boluntario eta Osakidetzako langileen laguntzarekin, 2.200 metroko ibilaldia egin dute, Atsobakarreraino. Txaleko laranjak soinean, kolore berezia eman diote herriari parte-hartzaileek.
Atsobakar auzoko Urbarte parkera hurbiltzen ari zirela, sorpresatxoa jaso dute ibiltariek, beste multzo bat zain zutelako paseoa burutzeko falta ziren azken metroak egiteko. Aitzakia probestuz, beste talde argazki bat atera dute bertan, ibilaldiko parte-hartzaile guztiak bildu dituena.
Hiru ibilbide gehiago
Datorren asteko ostiralean dute hurrengo zita adineko pertsonek. Apurtxo bat luzeagoa izango da ibilbidea: 2.754 metro izango ditu Zubieta izeneko ibilaldiak. Hurrengo asteetan beste bi paseo burutuko dituzte: Oriakoa (4.000 metro) eta Plazaolakoa (4.800 metrokoa).
Ostiraletako ibilaldiez gain, asteartetan ere antolatu dituzte zenbait ariketa: Nagusien Kirol Parkean mota desberdinetako ariketak egingo dituzte asteartero, 10:30ean, monitore batzuen laguntzarekin.