Behar bereziak dituzten haurren guraso talde batek sortu zuen Pausoka elkartea, 2012ko martxoan. Egoitza nagusia Hernanin daukate, baina inguruko herrietako hainbat familia ere badaude bertan. Lasarte-Oriako batzuk ere badaude: Juana Mari Beitia eta bere seme Amets, Belen Merchan eta Aitor izeneko semea, eta Lourdes Palacios eta Lucia alaba. Beraiek egin dute agerraldia gaur arratsaldean Okendo plazan, urriaren 11n Hernanin ospatuko den Pausoka Egunari buruzko xehetasunak emateko.
Egitarau zabala
Goizeko hamarretan hasiko dira ekintzak; aurreskua dantzatuz irekiko dute Pausoka Eguna, Gudarien plazan. 10:30ean kalejira egingo dute txistularien laguntzaz eta 11:30ean tailerrak hasiko dira: kirolak, janari osasungarriak, puzgarriak...13:00ak arte.
Ondoren, indarrak berritzeko paella herrikoia egingo dute, 14:00etan. 16:30ean emanaldi bat emango dute Berdiniren neskatilek, eta 17:00etan, Atsegindegi plaza alaituko dute Porrotxek eta Ane Piratak. Handik bi ordura, Laurobak kontzertua eskainiko du.
Txoznak egun osoan zehar egongo dira irekita, 20:30ak arte. Bildutako diru guztia Pausokako haurrentzat izango da, beharrezkoak dituzten tratamendu bereziak egin ahal izateko.