Zabaletak ongi-etorria eman dio Udazkenari

Txintxarri Aldizkaria 2014ko irailaren 26a

Ongi-etorria eman diote zabaletarrek Udazkenari, eta agurra Udarari. Horixe ospatu dute Zabaletan ostiral ilunabar partean, urtaro aldaketa. Ohi bezala, Zabaleta Auzolan batzordeak antolatuta, sardina-jana egin dute Antonio Blas Plazako lokal aurrean. Haurrak, gazteak, helduak... adin guztietako jendea bertaratu da plazara eta ederki pasa dute berriketan edota kantuan.

Denera 50 bat lagun batu dira afaltzera eta askok afalostean Argia Egunaren bezperako kontzertuetara joateko aprobetxatu dute.
Aurten gainera, Udal Musika Eskolako gaztetxoak izan dira Zabaletako bazterrak pandero eta trikitixa doinuez girotzen baserritarrez jantzita, urtaro beroena joan zaigun arren, umore onari eutsi nahi izan zioten musikaren laguntzaz.

Antolatzaileek bihotzez eskertu nahi izan diete Udal Musika Eskolako musikariei giroa alaitzen lagundu izana.