Denera 17 jokalariko plantilla lortu dute, hiru atezainekin. Gaur arratsaldean Michelinen jokatutako partidan ordea, 14 jokalari soilik deitu ahal izan dituzte Amets Aguayo entrenatzaileak eta Julen Ormazabal laguntzaileak azken egunotan taldera batutako jokalarien fitxak ez direlako garaiz tramitatu.
Estreinaldia, porrotarekin
Beroak eta aulkitxoan aldaketarik ez edukitzeak min eman dio gorri kolorez jokatu duen Ostadarri. Gainera, lehen zatiaren hondarrean egin diete donostiarrek gola eta moralki kolpe gogorra izan da herriko neskentzat. Neurketako bigarren eta azken gola aldiz, bigarren zatiko 25. minutuan sartu du Antigua-Luberrik.
"Gure helburua egiten dugunaz gozatzea da, eta gozatzea lortzen badugu, ziur emaitzak ailegatuko direla. Itxura ona eman nahi dugu eta lan eginez lortu daitekeela uste dut, baina oraindik goiz da, hilabete bakarra baitaramagu entrenatzen", adierazi du Amets Aguayo taldeko prestatzaileak partidua amaitu berritan.
Ostadarreko arduradunek adierazi dutenez, ateak irekita dituzte herriko taldean jokatu nahi duten emakumeek. Interesa duten guztiek Ostadarren Geltoki Kaleko bulegoan galdetu dezakete edo astearte, ostegun eta ostiraletan 20:30etan Michelingo kirol-gunetik pasa daitezke entrenamendu batera.
Gizonezko erregionalak
Ohorezko Erregional mailari dagokionez, denboraldiko lehen porrota jaso du Ostadarrek Elgoibarren aurka. Urdin-beltzek 2-0 galdu dute Mintxeta futbol zelaian eta hiru partiduren ostean lau puntu zakuratuta, sailkapenaren erdikaldean kokatuta daude herritarrak.
Ostadar Futbol Eskola
Datorren asteazkenean, urriaren 1ean, Ostadar SKT-k antolatzen duen futbol eskola hasiko da. 100 neska-mutil bilduko dira Michelingo futbol zelaian urte osoan zehar.Saioa arratsaldeko 18:45etik 19:45era izango da.