Elkarbizitza sustatzea helburu izango duen taldea sortu nahi dutela adierazi zuten. “Bizikidetzaren gaineko ikusteko modu ezberdinak azaldu direla jakina da. Erailak izan diren biktimenganako memoriaz edo presoen gizarteratze beharraz arduratzen direnak nabarmentzen direlarik”.
Baina, aurreko hori ahaztu gabe ere, “urteetan zabaldu den indarkeriak utzitako izua deserrotzen lagundu behar duen ‘zoru etikoa’ prestatu nahi dugunok ez daukagu ahotsik”. Hortik abiatu nahi du asmo berriak sustatzaileek azaldu moduan. “Ikusita kale giro antzekoa bizi izan duten udalerriek osatutako eskualdea dela, Buruntzaldeako barruti honetan ariko den giza-taldea osatu nahi dugu”.
Gogoetarako esparruak
Taldea, elkarbizitza “askea eta anitza” normaltzen laguntzeko jaio dela azpimarratu nahi izan zuten. Taldeak egin nahi dituen ekintza nagusiak izango dira, “batetik, gogoeta eta iritzia sortu elkarbizitza lantzeko eratzen den edozein esparruetan eta bestetik, taldeko kideentzat edo taldetik kanpoko jendearentzat mintegi eta jardunaldiak antolatu”.