David Vega eta Xabier Rekondok debuta egin zuten larunbatean Ohorezko B mailan, Babyauto-Zarautz taldearen koloreak jantzita. Plentzian (Bizkaia) jokatu zuten ligako lehen jardunaldia Uribealdearen aurka.
David Vegak partida osoa jokatu zuen titular gisa eta Xabier Rekondo 60. minutuan zelairatu zen. Bi hauekin, bost dira jadanik Espainiako bigarren mailan debuta egin duten Beltzak; Ander Rekondo, Unai Urruzola eta Imanol Galarragarekin batera.
Partida galdu egin zuten herritarrek. 32-10 menderatu zuen Uribealdeak Zarauzko taldea, nahiz eta Babyauto izan zen norgehiagoka dominatu zuena. Hala ere, liga hasi besterik ez da egin.
Puertas Ohorezko Mailan
Atzo berriz, Jon Ander Puertas gazteak debuta egin zuen Espainiako Ligako maila nagusian.
Jokalari lasarteoriatarrak Hernanin jokatzen du gaur egun. Jokatu bakarrik ez, bera da baloiari ostikoa emateko ardura duen gizona. Ez zuen lehen estraineko partida xamurra izan ordea Puertasek, 0-38 galdu zuten hernaniarrek Landare zelaian “La Sanboiana” talde kataluniar indartsuaren aurka. Aurten ere, mailari eustea izango da Hernaniren helburua.
Etorkizun handia duen errugbilaria da Puertas. Iaz esaterako, Espainiako selekzioak deitu zuen 18 urtez azpiko mailan, Lisboan, Gazteen Europako Txapelketa jokatzeko eta orain, gorengo mailan egin du debuta.
Gaztetxoak, ikasten
Bestalde, kategoria txikietan ere izan da partidarik asteburuan. ZRT/Beltzak taldea Bera Beraren aurka aritu zen Zarauzko Asti zelaian.
Denera hiru neurketa jokatu zituzten. 18 urtez azpiko mailan, 5-0 irabazi zuten herriko eta Zarauzko mutilek osatzen duten talde mistoak.
16 urtez azpikoetan, Bera Bera izan zen garaile. Donostiarrek 15-24 garaitu zuten Juantxo Prieto eta Jose Mari Nuñez herritarrek zuzentzen duten taldea.
14 urtez azpikoen mailan ere, Bera Berak irabazi zuen. Den den, gehienbat taldea osatzen duten 40 gaztetxoei jokatzeko aukera ematea zuen helburu Manu Pelaez, Ritxar Espinosa eta Xabi Castaño zarauztarraren taldeak.