Txiletik Usurbilgo Lanbide Eskolara

Txintxarri Aldizkaria 2014ko irailaren 16a

Txiletik etorritako ikasleei ongietorria egin zitzaien atzo Usurbilgo Lanbide Eskolan. Hiru talde etorri dira eta energia berriztagarrien inguruan eskaintzen diren ikasketetan trebatuko dira.

Txiletik 30 ikasle etorri dira Usurbilgo Lanbide Eskolara. Txileko gobernuak bekatuta, sei hilabeteko egonaldia egingo dute hemen. Zehazki, eskolatik jakitera eman dutenez, guztiak Usurbil eta Lasarte-Orian biziko dira euren ikasketak iraun bitartean.

Hiru taldetan banatuta, energia berriztagarrien inguruko ikasketak egingo dituzte. Batetik eguzki energia termikoaren inguruan arituko dira batzuk, eguzki energia fotovoltaikoaz besteak eta hirugarren taldea, energia eolikoan jardungo da.

Ikasleek egunean lau ordu klase teoriko izango dituzte eta beste bi praktiko. Eskolatik azpimarratu dutenez, ez da lehenengo aldia nazioarte mailako ikasleak datozela gurera ikastera.