Espazio ireki bilakatuko ditu Lasarte-Oriako udalak Sasoetako gaur egungo pasabide ilun eta luzeak. Hori egin aurretik, ordea, herriko eta auzoko diagnostikoa egingo du Hiridunak arkitekto taldearen laguntzaz, eta baita herriko eragileen eta Sasoetako auzotarren laguntzaz ere. Hori dena egituratzeko eta proposamen guztiak biltzeko, parte-hartze prozesu bat jarri du martxan.
Gaur egin dute lehenengo bilera, Gaztelekuan, herriko eragileen ordezkariekin. Datorren astelehenean egingo dute beste bat, oso garrantzitsua izango dena. Proiektua aurkeztuko diete Sasoetako bizilagunei. Udaleko ordezkari eta Hiridunakeko kideez gain, udal arkitektoa ere bertan izango da, azaltzeko nolakoa izango den pasabideen eraispen prozesua. Bilera hori arratsaldeko 18:00etan izango da, Gaztelekuan bertan.