Lasarte-Oriako EH Bilduk uste du ordua dela PSE-EEk azken urteetan egindako hirigin-tza politika okerren inguruan zenbait argibide eskatzeko.
Alderdiari zalantzak sortzen dizkion hitzarmenetako bat Teresategi mendiko lurrak “milioi bat euro gehiagotan gainbaloratu” zituen hirigintza hitzarmena da, 2006an sinatutakoa. Hortaz, eskatuko dute Hirigintzako eta Ogasuneko batzorde bereziak dei-tzea, inplikaturik egon daitezkeen politikari eta teknikariek azalpenak emateko.
EH Bilduk jakinarazi zuenez, garai hartako udal arkitektoak 1.926.531 eurotan baloratu zituen Teresategiko lurrak, eta bertan dagoen eraikina berriz, 150.253,31 eurotan. Lurren metro koadro bakoitzak 74,46 euro balio zituen, eta eraikinarenak 432, 67 euro.
“Balore horiek dudan jarri daitezke, txostenean ‘Arau Subsidiarioen berrikuspen dokumentuaren baloraziotik interesdun lur’ izendatzen baititu. Kontua da dokumentu hori ez zela inoiz onartu eta gainera, behin betirako ezetsi zen iaz”, dio EH Bilduk. “Beraz, balorazioa suposizioetan oinarrituta dago, eta udalaren interesen aurka doa”, gaineratu zuten.
EH Bilduren iritziz, “askogatik” gainditzen ditu 2006ko balorazio horrek errealitatean zegozkien prezioak. “Milioi bat baino gehiagoko aldea dagoela uste dugu, lur horietatik gertu bigarren gerrikoa dagoelako eta Aldundiak desjabetu zituen lurren prezioekin alderatuz, tartea handia da”, zehaztu zuten. “Milioi bat euro galdu ditu Lasarte-Oriako Udalak, enpresa pribatu baten onurarako”.
Hirigintza ekimenak
EH Bilduren hitzetan, “Lasarte-Orian gaur arte aplikatu diren etxebizitza politiken ardatz nagusia” hirigintza ekimenak izan dira. 2005ean onartutako Arau Subsidiarioak jarri dituzte adibide gisa; udalerriko nekazal eta industrial lur gehienak urbanizagarri izendatu ziren orduko hartan. “Herritarren etxebizi-tza beharrak ase baino gehiago, udal ekonomiaren biziraupena eta aberastea bultzatzen zuten arauak”, EH Bilduk zehaztu zuenez.