Ondo ibili egitasmoa aurkeztu dute

Txintxarri Aldizkaria 2014ko irailaren 19a

Agerraldia egin dute gaur eguerdian Ondo ibili egitasmoko antolatzaileek, Nagusien Kirol Parkean, kiroldegi parean. Lekua ez dute kasualitatez aukeratu, egitasmoaren helburua adineko pertsonak “sasoi betean” egotea eta euren “bizi kalitatea hobetzea” baita, “modu atsegin” batean eta “lagunartean”.

Helburu hori lortzeko, bi ekintza nagusi antolatu dituzte. Asteartero, 10:30ean, ariketa desberdinak egingo dituzte adineko pertsonek, monitore batzuen laguntzarekin. Kirol Zerbitzuko Arduradun Karlos Altunak nabarmendu duenez, “asteartero-asteartero” mantenduko da hitzordua, “eguraldi ona edo txarra egin”. Astearte honetan hasi dira ariketekin, eta ekainera arte egingo dituzte.

Ostiraletan berriz, ibilalditxoak antolatu dituzte herrian zehar. 11:00etan aterako dira ostiralero, Okendo plazatik, Lasarte-Oriako Ibilbide Osasungarriak bultzatzeko taldearen laguntzaz. Helburua da 60 urtetik gorako pertsonei astean behin oinez egiteko ibilbide osasungarriak eskaintzea. Paseoak ordu edo ordu eta erdikoak izango dira.

Lau ibilbide

Gizarte Zerbitzuen Arloko Jarduneko Arduradun Izaskun Oronozek eman du ibilaldi desberdinen berri. Lau izango dira guztira: Atsobakar (2.200 metrokoa), Zubieta (2.754 metrokoa), Oria (4.000 metrokoa) eta Plazaola (4.800 metrokoa). “Atsobakarreko ibilaldia egingo dugu ostiral honetan”, aurreratu du Oronozek.

Herriko elkarte eta boluntarioek koordinatzen dituzte ibilaldi hauek, Oronozek azaldu duenez: “Nagusilan, Biyak Bat, Odol emaileak, Danok Kide, Atsobakar Zaharren egoitza...zerrendak irekita jarraitzen du”. Oronozek gogorarazi du boluntarioek ez dutela zertan adineko pertsonak izan behar; txandaka ibilaldiak dinamizatzea eta gidatzea izango da euren zeregina.

Zigiluak errezetetan

Boluntarioei txaleko batzuk banatuko zaizkie, eta adineko pertsonei zigilu bat ezarriko zaie euren errezetan, egiten duten ibilaldi bakoitzeko. Osakidetzako ordezkari Angel Gomezek esan duenez, “gure estilo propioarekin lagunduko dugu egitasmoari oihartzuna ematen, errezetetan zigiluak jarriz. Ibilaldietan laguntza ematea izango da gure zeregin nagusia; herriaren parte izatea oso garrantzitsua da guretzat”.

Gorka Lizarraga Gizarte Zerbitzuetako saileko buruak nabarmendu du “Osakidetzan, Atsobakar Zaharren Egoitzan eta gainontzeko zerbitzu sozialetan” egongo direla eskuragarri errezeten libretak, eta egitasmoaren informazioa “herriko adineko pertsona guztiei” banatuko zaiela. Era berean, adineko pertsonak egitasmoan parte hartzera animatu ditu Lizarragak.