Ikasturtea hasteko pleno luzea

Txintxarri Aldizkaria 2014ko irailaren 9a

Zortzi gai eztabaidatu dituzte Lasarte-Oriako alderdi politikoek gaurko ohiko Udalbatzarrean. 18:30ean hasi da, eta 20:30ak pasatxo amaitu. PSE-EEko Nerea Artamendi eta adskribatu gabeko Marisa Zubiri ez dira Udaletxe zaharreko pleno aretoan egon.

Udalbatzarreko zerrendan agertzen ziren lehenengo hiru gaiak arlo desberdinetako dossierrei buruzkoak izan dira; bozketak egin ostean onartu dituzte hirurak. Laugarrenik, kontratu baten suntsiarazpena eztabaidatu dute: Zabaleta-Berri H.I.E. birpartzelatzeko proiektutik eratorritako partzela osoen adjudikazioei buruzkoa. Zabaleta-Berriko partzela baten lizitazioa atera zuen Udalak, eta enpresa bakarra aurkeztu zen horretara. Enpresa horri esleitu zitzaion lizitazioa, baina gutxieneko baldintzak bete ez dituenez, Udalbatzarrak erabaki du bertan behera uztea kontratu hori. Dena dela, Estitxu Alkortak Ogasun batzordeko buruak bihar emango ditu azalpenak gai honi buruz Udaletxean, 12:30ean.

Alderdien arteko eztabaida

Ika-mika sortu dute bosgarren eta seigarren gaiek alderdi ezberdinetako zinegotzien artean. Etxebizitza publikorako Udal planaren lanketari buruzkoa izan da eztabaidatu den bosgarren gaia. Eztabaida sortu da PSE-EEren bozeramaile Jesus Zaballos eta Udal gobernuaren artean. Zaballosek eskatu dio Udalari egiteko etxebizitzen plan publiko bat, eta Udala lanean ari dela Etxebide eta Alokabiderekin, etxebizitzen inguruko hitzarmenak sinatzeko. Puntuka bozkatu dute mozioa, eta azkenean onartua izan da.

Seigarren gaia euskaltegi zaharra enplegua sustatzeko erabiltzea izan da. Eztabaida sortu da Bilduko zinegotzi Gorka Lizarraga eta EAJko bozeramaile Estitxu Alkortaren artean. Lizarragak mozioari buruzko zehaztasun eta datu gehiago eskatu ditu, eta Alkortak erantzun dio hori Lizarragaren lana dela. Dena dela, azkenean aurrera atera da mozioa, aldeko 8 bozkekin eta kontrako 7rekin.

Udalbatzarrean eztabaidatu diren beste bi gaiak aurrera atera dira: Udalaren web orrialdea ‘.eus’ domeinuarekin erregistratzearen alde EAJk aurkeztutako mozioa eta Bilduk aurkeztutako beste bat, alkateen aukeraketa zuzenerako PPren gobernuak egindako proposamenari buruzkoa.

Galdera eta erreguen txandan, PSE-EEren bozeramaile Jesus Zaballosek zenbait galdera planteatu ditu: Somoto auziari buruz, kiroldegi berriaren inguruko proiektuari buruz, udaletxe zaharraren erroforma edota enplegu plana martxan noiz jarriko den, besteak beste. Hori eta gero, herritar batek proposamen pare bat egin dizkio udalbatzarrari: Michelingo iturria hobetzea lau iturburu ezarriz eta Landaberri DBHko eraikineko patioa irekitzea, herriko haurrek bertan jolasteko aukera izan dezaten. Guzti hauek erantzuna izan dute batzorde-buru eta alkatearen ahotan.