Berrikuntza horiek denak azaltzeko agerraldia egin dute Gaztelekuan bertan Gazteria eta Festak saileko arduradun Taxio Arrizabalagak eta Oscar Aranda sexologoak, 13:00ean.
Ordutegi zabalagoa
Ordu gehiagoz egongo da zabalik Gaztelekua aurten: goizeko hamarretatik gaueko hamabietara. Txartel bidezko sarrera elektronikoaren sistemak ahalbidetuko du herritarrek ordu gehiagoz gozatzea gaztelekuaz.
Txartel elektroniko horrekin entsegu lokalak, dantza aretoa, jarduera anitzetarako aretoa, bilera gelak eta tailerrak erabili ahal izango dira ordutegi zabal horretan. Arrizabalagak nabarmendu du “oso garrantzitsua” dela irailaren 30a baino lehen izena ematea, txartel elektronikoak banatu aurretik ordutegi guztiak zehazteko.
Musika taldeen kasuan lehentasuna izango dute 30 urtez beherako partaideak dituztenek. Txartel elektronikoa eskuratzeko interesa duten guztiek mezu elektroniko bat bidali beharko dute musika@lasarteoriasarean.eu helbidera edo gaztelekua@lasarteoriasarean.eu. Mezu horretan zehaztu beharko dute taldearen izena, partaide kopurua, eskatzailearen izen-abizenak eta entsegatzeko ordua eta eguna.
Helbide elektroniko hori ez da soilik musika taldeentzat: Gaztelekua erabili nahi duen orok bidali behar ditu eskaerak horra, irailaren 30a baino lehen.
Sexologia bulegoa
Gaztelekuak aurten dakarren beste berrikuntza bat Sexu informazioko eta aholkularitzako bulegoa da. Gazteei zuzenduta dago espresuki, eta horregatik erabaki dute Gaztelekuan jartzea.
Herritar gazteei zerbitzua erabiltzeko deia egin die Oscar Aranda sexologoak: “Gazteen zalantzak argitzeko, informatzeko eta aholku emateko gunea da. Gazteak bakarka, binaka edo talde handiagotan etorri daitezke guregana, baita gurasoen laguntzarekin ere”. Zerbitzu hori emateko, areto bat prestatuko dute ostegunero, 18:00etatik 20:00etara.
Zerbitzuak baditu hainbat helburu, Arandak zehaztu duenez: herritar gazteak sexualitatearekin, bikote erlazioekin eta garapen erotikoarekin zerikusia duenaz informatzea, genero estereotipoak ezabatzea, mitoak murriztea, ostegunetan bulegoa gazteen topaleku bihurtzea eta sexu-gaietan aholkatu eta informatzea, juzgatu eta doktrinatu gabe.
Eskaintza zabala
Arrizabalagak nabarmendu du Gaztelekuaren eskaintza “gero eta zabalagoa” dela urtetik urtera: “Aisialdirako ekintzak antolatzeaz gain, sexologia bulegoarena bezalako berrikuntzekin erakutsi nahi dugu Gaztelekuaren eskaintza zabala dela. Gazteria aktiboa sustatu nahi dugu herrian”.
Arrizabalagak esan du aurten ere zabalduko dutela nerabeentzako aisialdi zerbitzua, asteartetik ostiralera, 17:00etatik aurrera. 13 eta 17 urte bitartekoei zuzenduta dago. Hainbat baliabide eta tresna dituzte eskura: futbolina, tailerrak, mahai tenisa eta bideo jokoak, besteak beste.