Amestutako Liga hasiera Ostadarrentzat

jon-altuna-egitegi 2014ko irailaren 13a

Ostadar SKTko kirol arduradun eta jokalariak pozik ziren larunbat iluntzean. Ez da gutxiagorako. Kadeteen Euskal Ligan eta Erregionalen Ohorezko mailan garaipena lortu dute euren ligetako lehen jardunaldian. Hirugarren urtez, bien helburu nagusia mailari eustea da, horretarako baina, gogotik egin beharko dute lan.

Liga hasierak ez dira sekula errazak izaten. Aurredenboraldian prestatutakoa partida ofizialetan islatzea zaila da batzuetan, baina argi dago aurretik lana ondo egiten bada errazagoa dela gauzak irtetea, eta bi taldeek lehen urratsa eman dute. Bidea luzea da ordea.

Garaipen garrantzitsua
Ostadarreko kadeteek 2-1 irabazi dute Michelinen Kostkas igo berriaren aurka, maila mantentzeko zuzeneko aurkari baten kontra. Golak 30. minutuan Adei Zarrak eta bigarren zatia hasi bezain pronto Jon Lopez de la Callek sartu dituzte etxekoentzat. Kostkasen gola hamar minuturen faltan jaso dute urdin-beltzek, baina eusteko adorea izan dute herriko gaztetxoek.
Joxean Beldarrain entrenatzailea pozik zen partida amaituta: “Talde honen sekretua elkartasuna da, asko laguntzen diogu elkarri eta hori izango da mailari eusteko bidea”.

Erregionalak zoragarri
Hondarribiako Ondartza zelaian partida handia jokatu du Ostadarrek. Emaitza ona izan da, 1-3koa, Gorka Briten bi gol eta Julenek sartutako beste bati esker neurketa irabaztea lortu dute, baina zoragarria izan dena emandako itxura izan da. Batez ere lehen zatian, dominatuz eta presioa aurreko lerroetan eginez, jarrera ona erakutsi dute urdin-beltzez jantzitako mutilek. 
Bigarren zatian behera egin dute lasarteoriatarrek bero handia tarteko, baina baita hondarribiarren eginahalaren eraginez ere. Etxekoen gola penalti jaurtiketa bidez jaso du Ostadarrek bigarren zatian. Dena den, denboraldiko lehen hiru puntuek Lasarte-Oriarako bidea hartu dute.

Maila mantentzea helburu
Euskal Ligako kadeteek iaz 12. postua erdietsi zuten eta bi punturengatik ozta-ozta lortu zuten mailari eusteko balentria. Ohorezko Erregionalek ere majo sufritu behar izan zuten kategoria mantentzeko. Jaitsiera postuetatik hurbilegi amaitu zuten bigarren itzuli kaxkar baten ostean. Aurten etxeko lanak lehenago egiten saiatuko dira Ostadarreko bi talde nagusiak. Ez dira batere gaizki hasi.