Parapetasonik IV, metala etenik gabe

Txintxarri Aldizkaria 2014ko irailaren 14a

Urteroko hitzordu garrantzitsua bilakaten ari da Parapetasonik jaialdia, ez bakarrik musikazale lasarteoriatarrentzat, baita Gipuzkoa osoko metalaren maitaleentzat ere. Horren erakusgarri da Parapetoa beltzez jantzi dutela beste urte batez akorde eta riff gogorren erritmora. Probintziatik gurera iritsitako Debon, Drop!, Meltdown eta Human taldeen kontzertuek osatu dute kartel ofiziala, baina lau talde horiez gain, sorpresa ugari izan ditu larunbateko jaialdiak.

Aurten tamalez ez da herriko talderik izan, iaz Hilotz eta Gabezia izan genituen, baina aurten atseden hartu dute. Izan ere, ez baita erraza antolakuntza lanetan murgildurik egon eta kontzertuak ematea.
Dena den, eskala txikiagoan, baina lortu dute Parapetasonik jaialdia egitea. Iaz zortzi talde izan ziren, aurten lau: Debon beasaindarrak, Drop! arrasatearrak, Meltdown hernaniarrak eta Human zestoarrak. Gainera aurten, Parapeto barnean egin dituzte kontzertuak, eta kanpoan edari eta bokatentzako txosna eta gitarra txokoa jarri dituzte.

Talde gazteentzat aukera
Talde gazteak bultzatzea helburu duen rock eta metal festibala da Parapetasonik, duela lau urte martxan jarri zuten herriko hainbat gaztek euren taldeei herrian eskenatoki alternatibo bat eman nahian.
Aurtengoan lau taldek zapaldu dute N-1 gainean kokatuta dagoen Parapetoko eskenatokia eta arratsaldetik hasita gaueko ordu txikietara arte jende asko hurbildu da arratsalde pasa edota gaueko kontzertuez gozatzera. 
Antolatzaileak gustura ziren emaitzarekin eta datorren urtean Parapetasonik prestatzeko intentzioa agertu zuten.