Etxebizitza publikoen plan bat egiteko eskaera

Txintxarri Aldizkaria 2014ko irailaren 3a

Etxebizitzei buruzko mozio bat aurkeztuko du PSE-EEk irailaren 9ko Udalbatzarrean. Udalari eskatuko dio prestatzeko etxebizitza publikoen plan bat, eta sartzeko plan hori garatzeko behar den diru kopurua datorren urteko aurrekontu orokorretan. Mozioa gaur bertan erregistratu dute udaletxean.

Prentsaurrekoa eman du gaur goizean Lasarte-Oriako PSE-EEren bozeramaile Jesus Zaballosek. Mozioaren nondik-norakoak azaltzeaz gain, salatu du udal gobernuak “desegin” egin duela etxebizitzen udal zerbitzua: “Aurreztearen eta estuasun ekonomikoen aitzakiak erabilita, udal gobernuak baztertu egin ditu hainbat herritar; ez die aukerarik eman etxebizitza batean sartzeko eskaera egiteko”.

PSE-EEk egindako lana

“Hainbat proposamen plazaratu ditu PSE-EEk legealdi honetan etxebizitzari dagokionez, baina Bilduk, EAJk eta LOHPek trabak besterik ez dituzte jarri”, esan du Zaballosek. Erabili gabeko lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantza aldatzea eta udalarenak diren etxebizitza hutsak alokatzen jartzea −aurtengo aurrekontuetan zuzenketa egitea proposatuz, diru gehiago bideratzeko zeregin horretara− izan dira urteotan talde sozialistak mahai gainean jarri dituen ideietako batzuk.

“Neurri horiek aurkeztetik onura gehien Lasarte-Oriako herritarrek eskuratzen dute, ez PSE-EEk. Bildu, EAJ eta LOHP, ordea, ez dira horretaz jabetzen”, azpimarratu du Zaballosek.