Jesus Zaballosek EAJko Estitxu Alkortak aurkeztuko duen mozioaren inguruan oharra zabaldu du. PSE-EEko ordezkariak dio bere alderdiak, “2011ko hauteskunde programan eraman genuen euskaltegi zaharra enpresa berriak sortu nahi zituzten herritarrentzat gune bilakatzeko proposamena. Herriko elkarteentzako lokalak ere izatea proposatu genuen”.
“Harritu egin gara ikustean orain arte talde sozialistak egindako eskaerari jaramonik ez egin eta orain, EAJ izatea lokal hauentzat guk eskatutako erabilera hori proposatzen duena”. Oharrean Zaballosek dio “EAJk orain arte ez du interesik azaldu herrian enplegua eta ekintzaileen lana sustatzeagatik baina 2015eko hauteskunde kanpaina gertu ikusi eta piztu zaio interesa”.
Zaballosek dio Estitxu Alkorta dela egun udal ondarearen arduraduna eta “benetan interesa izan balu lokal hauei erabilera bat emateko, ordenantza bat landuta izan behar zuen dagoeneko espazio hauen zesioa etab. arautzeko. Izan ere, urte bete daramate lokal hauek hutsik”.