Ohiko Udalbatzarra datorren asteartean

Txintxarri Aldizkaria 2014ko irailaren 5a

Ohiko Udalbatzarra egingo dute Lasarte-Oriako udaletxean, datorren asteartean (irailak 9), arratsaldeko 18:30ean. Zortzi gai eztabaidatuko dituzte bertan, eta bukatzean, galderak eta erreguak egiteko aukera edukiko dute bertara gerturatzen diren herritarrek.

Udalbatzarra hasiko dute 2013ko Ekitaldiko aurrekontuaren kontu orokorraren dosierraren onespenaren gaiarekin. Ondoren, Udaleko ondasun eta eskubideen 2013ko inbentarioan egindako aldaketak onestea eztabaidatuko dute. Jarraian, 2014ko Ekitaldian kredituak aldatzeko bideratutako dossierren berri emango dute. Laugarrenik, kontratu baten suntsiarazpena eztabaidatuko dute: Zabaleta-Berri H.I.E. birpartzelatzeko proiektutik eratorritako partzela osoen adjudikazioei buruzkoa.

Gai horiek mahai gainean jarri eta gero, alderdi desberdinek prestatutako mozioen txanda izango da. PSE-EEren "Etxebizitza publikorako Udal planaren lanketa" izenekoa aztertuko dute lehenago. EAJren txanda izango da gero; "Lan sustapena eta Coworking-aren alde" izeneko mozioa prestatu dute. Horrez gain, beste bat ere erregistratu dute, datorren asteartean eztabaidatzeko: Udalaren web orrialdean '.eus' domeinuari buruzko bat. Bilduk aurkeztutako mozio batekin emango diote amaiera Udalbatzarrari: "Alkateen aukeraketa zuzenerako proposamena" du izena. 

Lehen esan bezala, zortzi gai horiek eztabaidatu eta gero, galdera eta erreguak egiteko aukera egongo da.