Aterpeako dendetan erosetak eginda, Manttangorri doan

Txintxarri Aldizkaria 2014ko irailaren 5a

Aterpeako denda eta tabernetan 5 euro baino gehiagoko erosketak egiteagatik, Manttangorrin bidaiak doan eskuratu ditzakete herritarrek. Otsailean 15 egunez abian izan zen kanpaina berriz ere martxan jartzea erabaki dute udalak eta Aterpeak elkarlanean. Kasu honetan astelehenean hasi eta abenduaren 31 bitartean luzatuko da.

Aterpea eta udalaren elkarlanari esker herritarrek elkartekoak diren taberna zein dendetan 5 eurotik gorako erosketak egiterakoan, Manttangorrirako bidaiak doan jasoko dituzte opari.

Kanpaina bigarren aldiz martxan jartzea erabaki dute herriko merkataritza sustatzeko eta bide batez, Manttangorriren erabilera herritarren artean zabaltzeko. Astelehenean jarriko da martxan eta abenduaren 31 bitartean luzatuko da. Ramon Ormazabalek Aterpearen izenean azaldu du, lehenengo esperientzia ona izan zela “baina motza”. Horregatik “kanpainari denbora luzea eman nahi izan diogu, aurrekoan herritar askok berandu izan zuten honen berri eta pena izan zen”.

Ramonek azaldu duenez, “gure dendetan erosketak egiterakoan, erabilitako Manttangorri txartelaren truke, 0,60 zentimoak dirutan itzuliko ditugu, doan aterako zaie herritarrei bidaia”. Beti ere, erosketa bakoitzeko txartel baten balioa emango dela azpimarratu nahi izan du.

Pablo Barrio alkateak herria dinamizatzeko ekimen bat gehiago dela esan du, “herri bizi bat nahi dugu eta horretarako herriko denda eta tabernetan kontsumitzea sustatu behar dugu”. Manttangorri zerbitzua ere erdigunetik urruti dauden auzoetako bizilagunak erdigunera gerturatzeko dagoela aipatu du.