Herriko gaztetxoak ere protagonista

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urriaren 23a

Korrika Festaren XIV. edizioa egingo da aurten, nagusien lasterketa eta sari banaketa amaitu bezain laster, 12:15ean. Sei mailatan banatu dituzte antolatzaileek herriko haur eta gaztetxoak; 5 eta 14 urte arteko 700 korrikalari inguru espero dituzte. Kros Txikiak emango dio jarraipena igandeko festari.

Nagusien lasterketa eta sari banaketa 12:15 aldera amaituko dira, baina horrek ez du esan nahi igandeko ekitaldi guztiak ordu horretan bukatuko direnik. Kros Txikiaren XIV. edizioa ospatuko da segidan. 

Haur eta gaztetxoen txanda iritsiko da helduen lasterketa amaitu eta berehala. Antolatzaileek 700 bat korrikalari gaztetxo espero dituzte, 5 eta 14 urte artekoak. 

Ibilbideak
Urtero legez, adinaren arabera mailatan banatu dituzte korrikalari gaztetxoak antolatzaileek; aurten, sei mailatan.

A mailakoak izango dira Korrika Festan parte hartuko duten gazteenak. 100 metro korrituko dituzte 2009. urtean jaiotakoek. Frutas Ruiz denda parean hasiko dira eta Okendo plazaraino egin beharko dute lasterka. 

Txikienek amaitu eta hamar minutura, 12:25 aldera izango da B mailakoen txanda (2007an eta 2008an jaiotakoak). Apur bat luzeagoa izango da haien ibilbidea: 150 metro Geltoki eta Iñigo de Loyola kale arteko bidegurutzetik, Okendo plazara arte.

2006 eta 1999. urte bitartean jaiotakoek 400, 800 eta 1.200 metroko ibilbideak burutuko dituzte. Okendon hasi, Hipodromo kalea hartu eta Uistin kaletik barrena joango dira. Blas de Lezotik Geltoki kalera egin eta Okendon bukatuko dute. Adinaren araberakoak izango da eman beharreko itzulien kopurua: zenbat eta helduagoak izan haurrak, orduan eta itzuli gehiago egin beharko dituzte (1 eta 3 artean). 

Haurrak eramateko guneak
Gaztetxoen mailaren arabera, gune batean edo bestean utzi beharko dira, lasterketetan parte hartu dezaten.

Gazteenek (A eta B mailakoek) Michelingo kirol gunean izango dute harrera gunea. Gainontzekoek berriz, Antonio Mercero plazan eta Udaletxe berriko arkupeetan.

Antolatzaileek ohartarazi dute komenigarria dela haurrak lasterketa hasi baino 15 minutu lehenago eramatea harrera guneetara, lasterketak ongi antolatzeko denbora eduki dezaten. 

Korrika Festa amaitzen denean, Okendo plazako helmuga ingurura joan beharko dute familiek haurren bila.

Izena ematea
Helduen kasuan gertatzen den moduan, Kros Txikian parte hartu nahi duten haurrek aukera dute oraindik Kros Txikian izena emateko. 

Ostadar SKTren bulegoan (Geltoki kalea, 25) eman beharko da izena. Bihar arte egongo da aukera, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara. Bestela, igandean bertan ere emango dute aukera inskripzioa egiteko, Okendoko informazio gunean 11:00etatik 12:00etara. Prezioa 5 eurokoa da. Antolatzaileek esan dute ikastetxetan ez dela izen-ematerik egingo.

Ostadar SKTk bere webgunean ohartarazi du agortzen ari direla igandeko Korrika Festako dortsalak. 2001, 2002, 2005, 2006, 2007 eta 2008an jaiotako haurren dortsalak amaitu dira dagoeneko.

Korrika Festan parte hartzeagatik kamiseta bat, domina bat eta edateko jogurt bat jasoko dituzte haurrek.