Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia igandean

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urriaren 23a

Atsobakarreko biribilgunean ikusi daiteke Lasarte-Oriako XIX. Kros Herrikoia iragartzen duen kartela. Sei egun besterik ez dira falta herriko kaleak korrikalariz betetzeko. Antolatzaileek jakinarazi dute 1.300 dortsal banatuko direla aurten. Izena emateko epea irekita dago oraindik, bihar arte.

Korrikalariz beteko dira Lasarte-Oriako kaleak igande honetan. Egutegian gorriz markatzen diren zita horietako bat iritsi da herrira, XIX. aldiz: Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia. 

Milatik gora korrikalarik hartuko dute parte igandeko lasterketan. Frutas Ruiz fruta dendaren parean izango da irteera puntua; helmuga, berriz, Okendo plazara iritsi baino apur bat lehenago, Laubide izenez ezagutzen den bidegurutzean. Guztira, 10.500 metroko ibilbidea egin beharko dute lasterkariek igande honetan.

Berrikuntzak
Aurtengo edizioan badago berrikuntza nagusi bat: txipa dortsalean integratuta egongo da, lehenengo aldiz. Antolatzaileek adierazi dutenez, hainbat “abantaila” ekarriko ditu berrikuntza horrek: “Korrikalariek ez dute 5 euroko fidantza ordaindu beharko, eta lasterketa amaieran ez dute txipa entregatu beharrik izango. Hortaz, dena joango da azkarrago”.

Txiparen sistema berria ezartzeko, zenbait aldaketa egin behar izan dituzte krosaren antolatzaileek. Batetik, izena emateko plataformaren aldaketa: www.sailkapenak.com webgunera jo beharko dute parte hartu nahi dutenek, izena emateko. Bestetik, aurten ez da txip horirik onartuko, sistema berriak ez dituelako neurtzen txip horia daramaten korrikalariek egiten dituzten denborak.

Lasterketa
10:30ean hasiko da helduen lasterketa; ez dago inolako berrikuntzarik hor. Eta hau ere zerbait berria ez den arren, antolatzaileek ohartarazi dute kontuz ibiltzeko ordulariarekin, urtero bezala ordu aldaketa egin beharko delako krosaren egunaren goizaldean: goizeko 3:00etan 2:00ak izango dira.

Korrika egiten hasi aurretik agurra dantzatuko zaie korrikalari guztiei, antolatzaileek jakinarazi dutenez. 

Aurten gurpildun aulkian aritzen diren korrikalari guztiei banatu zaie 1 dortsala. Bi minutu lehenago hasiko dira lasterkari horiek 10.500 metroko ibilbidea egiten.

Izena ematea
Lasarte-Oriako XIX. Kros Herrikoian parte hartu nahi dutenek hainbat bide dituzte izena emateko.

Ostadar SKTren bulegora joatea da horietako bat, Geltoki kaleko 25. zenbakira. Biharkoa izango da izena emateko azken eguna, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara. 

Bulegora gerturatzerik ez dutenek, Internet bidez eskuratu dezakete iganderako dortsala. Ostadarren webgunean bertan egin dezakete (www.ostadarskt.org), edo lehen aipatutako www.sailkapenak.com atarian. Interneten izena emateko epea ere bihar amaituko da.

Hala ere, dortsalak oraindik agortu ez badira, lasterketa egunean posible izango da inskripzioa egitea, 9:00etatik 10:00etara, Michelin kirol guneko pilotalekuan. 1.300 dortsal daude aurten, lasterketaren antolatzaileek aditzera eman dutenez. 

Ostadarreko bazkide direnek 8 euro ordaindu beharko dituzte lasterketan parte hartzeko (bazkide txartela erakutsi beharko dute inskripzioa egiterakoan). Bazkide ez direnek berriz, 12 euro ordaindu beharko dituzte. Norbaitek lasterketa egunean ematen badu izena, garestiagoa izango da: 20 euro ordaindu beharko ditu, bazkide izanda edo ez. 

Dortsalen banaketa
Lehengo urtean bezala, azken aurreko egunean banatuko du materiala Ostadar SKTk: korrikalarien dortsalak (txipak integratuta izango dituztenak) eta kamiseta teknikoak.

Urriaren 25eko (larunbata) ordutegiak honakoak dira: 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30etara. Igandean, berriz, goizeko 9:00etatik 10:00ak arte egingo da banaketa. Beharrezkoa izango da identifikazio dokumenturen bat aurkeztea. 

Antolatzaileek esan dute kamiseta tekniko bat jasoko dutela opari korrikalariek, urtero bezala. Lasterketa amaitu ostean herriko kirol instalazioak erabili ahalko dituzte eta hainbat sariren zozketatan sartuko dira.