Lehenengo plaza irekia egin du EH Bilduk

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urriaren 22a

50 bat lagun bildu dira gaur arratsaldean Manuel Lekuona kultur etxean, EH Bilduren plaza irekian parte hartzeko. Hainbat herritarrek eta baita legealdi honetako udal ordezkariek ere hasiera eman diote EH Bilduren parte-hartze prozesuari, datozen udal hauteskundeetara begira abiarazi dutenari.

Plazak izan ohi dira herriko bilgune nagusiak, baina Manuel Lekuona kultur etxeko hitzaldi aretoa bezalako leku itxiek ere bete dezakete funtzio hori. Mahai batzuen bueltan bildu dira hainbat herritar eta udal ordezkari, EH Bilduk martxan jarri duen parte-hartze prozesuaren lehen fasea lantzen hasteko. 2011n hasi eta bukatzear den legegintzaldiaren balorazioa egingo dute lehen fase horretan.

Taldeka bildu eta bakoitzak bere ekarpenak egin baino lehen, Uxue Loinaz eta Ane Labaka herritarrek aurkezpen txiki bat egin dute. Azaldu dute zertan den EH Bilduk datozen udal hauteskundeetara begira martxan jarri duen parte-hartze prozesua. Besteak beste, fase desberdinen helburuak eta ezaugarriak esplikatu dizkiete hitzaldi aretora bertaratutakoei. 

Galderak egiteko tartea utzi ostean, plaza irekira bertaratutakoak lanean hasi dira. Taldeak egin dituzte eta mahai batzuen bueltan bildu dira. Mahaikide bakoitzak bi 'post-it' jaso ditu, kolore desberdinetakoak; bat berdea zen eta bestea horia. Berde kolorekoan EH Bilduren parte-hartze prozesuan garrantzitsuena zer den idatzi behar izan dute. Horian berriz, prozesuari ikusten dizkioten gabezia eta arriskuak. Hogeita bost bat minutu izan dituzte partaideek euren ideiak paper zati txiki horietan islatzeko eta mahaikideekin proposamenak partekatzeko.

Lau fase

EH Bilduk adierazi du parte-hartze prozesu "zabal, garden, ireki, publiko eta demokratikoa" burutuko duela, lau fasetan banatuko dena. Lehenengoan bukatzear den legegintzaldia baloratuko dute. Horretarako, udal ordezkariek aztertuko dute zein izan den 2011n aurkeztu zuten programaren betetze-maila (zeintzuk gauza egin diren eta zeintzuk ez, zergatiak azalduz) eta legegintzaldia baloratuko dute, besteak beste. Bigarrenean herriko diagnostiko bat egingo dute, etorkizunera begira premiak identifikatzeko. Horretarako, hainbat urrats emango dituzte: aztertuko dute zein den udaletxearen egoera ekonomikoa, zeintzuk diren udaletxearen baliabideak...

Hirugarren fasean herri programa osatuko dute, parte-hartze prozesuan parte hartu dutenen artean. Laugarren eta azken fasean berriz, datozen udal hauteskundeetarako zerrenda osatuko dute. Zerrenda horrek hainbat ezaugarri izango ditu: sexuen arteko berdintasuna, gaur egun zinegotziak direnen presentzia eta sentsibilitate desberdinetako pertsonak biltzea, besteak beste. 

Ezaugarriak

"Zabala izango da prozesua, EH Bildu koalizioaren ideologiarekin bat egiten duen edozeinek parte hartu ahalko baitu. Gardena ere izango da, plaza irekietan jasotzen diren emaitzak udal taldearekin, alderdiarekin eta herritarrekin partekatuko direlako. Parte-hartze prozesu hori hasieratik gizarteratuko dugu, publiko eginez. Azkenik, hauteskundeetarako zerrendak bozkatu ahalko direnez, demokratikoa ere izango da", nabarmendu du EH Bilduk.

"Irekitasunetik eta ezkerreko oinarri ideologiko parte-hartzailearekin ahal dugun herritar gehienekin bat eginez, datozen hauteskundeetan aurkeztuko den programa eta zerrenda herritarra osatu nahi ditugu", adierazi du koalizioak.