Beldur Barik lehiaketa aurkeztu dute

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urr. 22a, 17:21
Beldur Barik lehiaketa antolatu du Udalak herri mailan aurten lehenengo aldiz. Lehiaketa bikoitza izango da ordea, alde batetik, Berdinsareak Euskal Autonomia Erkidegoan antolatzen duena eta bestetik, Lasarte-Oriako lehiaketa propioa. Bietan arauak berberak dira eta sariak metagarriak dira.

Lehiaketa honetan, emakumeek jasaten duten bereizkeria-egoerari aurre egiten dioten pertsonen “arte-adierazpen mota oro” onartu, baloratu eta bultzatuko da. Lan horiek “errespetuan, berdintasunean, askatasunean eta autonomian” egin beharko dira eta indarkeria sexistaren “gaitzespen irmoan” oinarritutako jokabide eta jarrerak izan behar dituztela adierazi dute antolatzaileek, “Parte hartzen duten proiektuek Beldur Barik edo beldurrik gabeko jarrera islatu behar dute”.

Izatez Euskadi mailako lehiaketa bada ere, herrian sari propio bat prestatu dute aurtengoan. “Emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak gainditzeko, eta harreman libre, errespetuzko, parekide, dibertso eta ez sexistak eraikitzeko konpromiso pertsonal eta kolektiboa erakutsi behar dute”, adierazi du Gorka Lizarraga Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak.

Kalitate tekniko edo artistikoaren gainetik, mezuaren kalitatea baloratuko dela esan dute Manuel Lekuonako areto nagusian egindako prentsaurrekoan, “gogoetak eta eztabaidak sortzeko gaitasuna” duten obrak bildu nahi dituztela jakinarazi dute.

Landaberriko ikastetxeak, Lasarte-Usurbil institutuak eta Kukuka antzerki eta dantza eskolak konpromisoa hartu dute ikasleekin gaia lantzeko. Bestetik Jalgune aisialdi taldeak ere parte hartuko du eta Okendo Zinema Taldeak egingo ditu epaile lanak herriko txapelketan.

Parte-hartzaileak

Lehiaketara 12 urtetik hasita 30 urte arteko gazteak aurkeztu daitezke, (Lasarte-Oriako sarietarako herrian erroldatutakoak baino ez dira kontuan hartuko).

Formatua

Adierazpen artistiko mota oro onartuko da, baldin eta ikus-entzunezko formatuan aurkezten bada: flashmob, kamera aurrean errezitatutako poemak edo irakurritako gogoeta-testuak, argazkiak, argazki-muntaiak, fotonobelak, lipdubak, dantza, film laburrak, animazio proiektuak, edo artelanak bideoan aurkeztuta, performanceak...

Nola parte hartu

Deialdi honetan parte hartu nahi duten pertsonek beraien bideoak Youtube edo Vimeoren gisako plataformetara igo behar dituzte eta ondoren Emakumearen zentrora joan beharko dute datuak ematera. Arreta orduak astelehen eta asteazkenetan 16:00tik 19:00etara eta astearte, ostegun eta ostiraletan 10:00tik 13:00tara izango dira.

Aurkezteko epea azaroaren 12an amaitzen da.

Sari Banaketa

Lehiaketako irabazleentzako sari banaketa Manuel Lekuona Kulturetxeko auditorioan egingo da azaroaren 21ean eta bideo irabazleak pantaila handian ikusi ahal izango dira. Ondoren gaiarekin lotutako pelikula bat proiektatuko dute.

Lasarte-Oriako sariak

1 Kategoriako saria (12 – 17 urte):

1.Saria: 300€

2.Saria: 150€

2 Kategoriako saria (18 -30 urte):

1.Saria: 300€

2.Saria: 150€

Lehiaketa orokorreko proiektu irabazle guztien epaia azaroaren 29an emango da jakitera, Urola-Garaiko Mankomunitatean egingo diren Beldur Barik topaketetan.

Lehiaketa orokorraren sariak

1 kategoriako saria: 500 €

1 kategoriako aipamen berezia: 300 €

2 kategoriako saria: 500 €

2 kategoriako aipamen berezia: 300 €

Saria ikus-entzunezko ekoizpen onenari*: 300 € + aukeratutako lanaren hedapena jaialdi desberdinetan (oraindik zehazteko dago). 

Informazio gehiago eta lehiaketaren oinarriak: www.beldurbarik.org edo Sexuen elkarbizitzarako emakumeen zentroan:

Beldur Barik Lasarte-Oria

Telefonoa: 943 36 39 58

E-maila: emakumezentroa@lasarte-oria.org