Horretarako, Atzegiko kide batekin selfiea (mugikorrarekin egindako argazkia) atera eta eskaintzen dizkieten balio positiboak zein diren kontatzera gonbidatzen dituzte herritarrak. Patri Ayo Atzegiko familiak laguntzeko teknikariak azaldu duenez, jendeari “desgaitasuna zer den” azaltzeko eta era berean “beldurrak eta mitoak” kentzeko asmoz abiatutako kanpaina da ElkarriON. Bide horretan, Buruntzaldeako Andoain eta Lasarte-Oriako udalek hartu duten konpromisoa eskertu du gainera.
Udaletako esperientzia
“Aiotz langile profesionala da, bikain egiten du bere lana eta gainera udaletxeko langile ezberdin eta askorekin du harremana. Integrazioak ez du birtuala izan behar, erreala baizik”, adierazi du Ana Karrere Andoaingo alkateak.
Gurean ere Jon Roncero herritarra aritu izan da udaletxean lanean, eta haren “bertuteak” azpimarratu ditu Pablo Barrio alkateak: “Langile fina izan da Jon, baina ez hori bakarrik, lan-arlo eremu guztietan gertatzen den bezala, egunerokoan liskar txikiak eta tentsioak egoten dira. Bada, Jonen gisako langileek lortzen dutena da giro hori lasaitzea, goxatzea eta lasaitasun hori kutsatzea, hori sekulako bertutea da”.
Jonen azken laneguneko argazki erraldoia ere gogoan izan du Barriok, “denok atera nahi genuen argazki horretan, zerbaitengatik izango da”.
ElkarriON kanpainan parte-hartzeko
Atzegik bide asko jarri ditu martxan kanpaina honekin bat-egiteko. Batik-bat sare sozialen bitartez jasoko dituzte selfieak #ElkarriON traolarekin, Facebook, Twitter edo Instagram erabilita, baina baita http://www.atzegi.org/elkarrion webgunearen bidez edo 609 970 706 Watsapp zenbakira bidalita.