Dena prest dute atleta elbarriek datorren igandean 10,500 kilometroko ibilbidea atletismoko gurpildun aulkian edota handbikean egiteko.
Lontxo Esnaola izan ohi da zubi-lanak eta kontaktu lanak egiten dituena Gipuzkoako atleta elbarrituekin, gurera lehiatzera etor daitezen eta antolakuntzak, gurpildun aulkiko atleta guztiak omendu nahi izan baditu ere, bereziki gogoan izan dute Lontxo Esnaola: “Guretzat ohore handia da urtero gurekin izatea. Atleta hauen baloreak txapela kentzeko modukoak dira: mugak gainditzeko grina, zailtasunen aurrean aurrera jotzeko borondatea, konstantzia, sakrifizioa, elkartasuna... Eta guztien artean aipamen berezia egin nahi diogu Lontxo Esnaolari, urte guzti hauetan gurekin izan dugulako, hasiera batean lehiatzen eta ondoren zubi-lana egiten”, adierazi dute Ostadar SKTko kideek.
Zabaletakoa jaiotzez, Orion bizi da duela 21 urtetik. Dena den, Lontxo Esnaolak harremana mantentzen du Lasarte-Oriarekin. Astean behin gutxienez bisitatzen du herria, asteazkenetan, merkatu egunean.
Erretiroa hartuta
Duela bospasei urte utzi zion Esnaolak atletismoa egiteari, “karrua” oparitu egin duela dio, “zahartrosiak jota” gehiago atletismorik egin ezin duelakoan. Sorbaldetatik erdi-lesionatuta eta nekatuta, gurdia aparkatzea erabaki zuen.
Atletismoan hamar urtez aritu aurretik ordea, saskibaloia eta mahai-tenisa edo ping-ponga egin zituen eta elbarri geratu baino lehenago futbola ere bai Añorgan.
Lasarte-Oria Bai! krosa
Krosaren zailtasunen inguruan galdetuta, ez du zalantzarik Lontxo Esnaolak: “Niretzat, guretzat oro har, aldapak dira punturik zailenak, batez ere Martin Berasategiren jatetxeko jaitsiera. Bi aldiz eroria naiz bertan bazterra jota. Izan ere bihurgunea kontraperaltatuta dago eta eraman egiten zaitu errepidetik kanpora. Zorionez, sekula ez dut minik hartu baina puntu zailena guretzat hori da”.
Ibilbidea asko gustatzen zaio, “oso polita” dela dio eta asfaltoa orain "primeran” dagoela gurpildun aulkian krosa egiteko. Jendearen animoak eta berotasuna ere izugarri eskertzen ditu Esnaolak: "Gipuzkoako zalegoa oso ongi portatzen da, izugarri animatzen zaituzte”.
Lasterketa irabaztear ere izan zen urte batean, helmugara ailegatu besterik ez zuen: “Urte batean bakarrik atera nintzen, helmugara iritsiz gero irabazi egingo nukeen... Baina erori eta helmuga marra anbulantzian igaro behar izan nuen!”.
Iñaxi Arruti emazteak ere ondo gogoan du pasarte hura: “Denak han ginen zain, Lontxo noiz helmugan garaile sartuko... Eta anbulantzian ekarri ez zuten ba!”. Lontxok barrez erantzun dio Iñaxiri: “Nire helburua ez da sekula izan irabaztea. 100 kiloren bueltan nabil, 1,90m neurtzen dut eta indarra izan arren, aldapetan izugarri sufritzen dut. Parte-hartzea da garrantzitsuena”.
Omenaldiarekin harrituta
Oso eskertuta ageri da Lontxo Esnaola jasoko duten onespenarekin. “Ez nuen inondik inora espero, are gutxiago bospasei urte igaro direlako atletismoa utzi nuenetik. Jendeak esaten du eredu garela, izpiritu bereziko pertsonak garela, gogorrak, egiten duguna egiten dugulako. Nik ez dut uste hala denik. Egin behar duguna da eta kito, kirola ona da osasunarentzat, oso ondo sentiarazten gaitu”
Nazioartean lehian
Gipuzkoatik kanpo lehiatzea zer den badaki lasarteoriatarrak. Katalunian, Frantzian, Portugalen eta Espainiako txoko ezberdinetan aritu izan da lehian. “Urteren batean 40-50 lasterketa egitera iritsi izan naiz, baina oso garesti ateratzen zitzaigun azkenerako, ia dena gure poltsikotik ordaindu behar izaten genuelako”, adierazi du.
Eurentzat prestatutako nahikoa lasterketa egon badaudela uste du Esnaolak.
Bereziki du kuttuna hamar aldiz osatu duen 20 kilometroko Behobia-Donostia lasterketa: “Niretzat portuko zatia da zailena, amaiezina egiten da, baita Gaintxurizketako malda ere, bertan asko sufritzen dugu. Hala ere, sekula egin dudan lasterketarik politenetakoa da”, onartu du Esnaolak.
Espainiako txapelketan 100 eta 200 metroetan txapeldun izana da, baina garrantzia kentzen dio lorpen horri: “Oso marka txarrak dauzkat, onenek 1.500 metroetako proba egiten zuten eta txarrok ba abiadurara pasatzen ginen. Primeran pasatzen genuen behintzat!”.
Gaur egun ez du lasterketarik ikusten gaizki pasatzen duelako: “Han egon nintekeela pentsatzen dut, baina gaizki pasatzeko nahiago dut ez joan”.
Aitzindarietako bat
“Lehen ez zeneukaten zuentzako lasterketarik”, gogorarazi dio Iñaxi Arruti emazteak Lontxo Esnaola senarrari. Izan ere, herritarra izan zen gutxi-gora behera 1988. urtean gurpildun aulkian kirola egiten hasi zen lehen gipuzkoarra.
“Garai hartan ez zegoen guretzat egokitutako probarik eta nobedadea izan nintzen aritu izan naizen kirol guztietan, hasieran saskibaloian hamabost bat urtez, ondoren mahai-tenisean eta azkenik atletismoan hamar urte gehiago egin ditut”.
Bizitza aldatu zion istripua
Lontxo Esnaola gurpildun aulkira eraman zuen istripua 1971. urtean gertatu zen. Artean 18 urte zituela, Atotxa gainean zegoen Donostiako Onkologiko zaharreko igogailua konpontzen ari zirela ezbeharra izan eta bizkarrezurra hautsi zuen.
“Momentuan nabaritu nuen zartakoa, hortxe geratu nintzen, kieto”, gogoratu du Esnaolak.
Añorgarekin futbola utzita, asteburu hartan bertan Usurbilgo Eskubaloi taldearekin jokatu behar zuen estreinako partidua. “Ez nuen eskubaloia probatzerik izan tamalez”, adierazi du.
Dena den, “zortea” izan duela uste du. "Medikuek uste zuten ez nintzela onik aterako, baina urtebete Madrilen igaro nuen errehabilitazioa egiten eta gero etxera itzuli nintzen, halaxe tokatu zen”.
Gurpildun aulkiaren trabak
Aulkia, edo Lontxo Esnaolak deitzen dion bezala “karroa” garestia da oso. Bataz beste 5.000 eta 6.000 euroren bueltan ibiltzen dira.
Gainera, gaur egun bi modalitate nagusi daude elbarrituen mailan. Handbikea, ziklismoarekin lotuagoa dagoena, erosoagoa dena eta kanbioak dituena; eta bestetik atletismoko aulkia dago. Bigarren hau askoz ere gogorragoa da sorbaldentzat, indar handia egin behar izaten da, batez ere aldapak datozenean. Modalitate konplikatuagoa da. “Ni beti ibili izan naiz gurdiarekin, meritu handiagoa duela uste dut, politagoa da, nahiz eta bi moduak diren oso gogorrak”.
Benetan gogortuta geratzen dena elbarriaren gorputza izaten da 10 kilometro gurpildun aulkian egin eta gero. Erabat uzkurtuta eta blokeatuta esfortzuaren esfortzuaz. Beti postura berean joateaz kexatu egiten da atletaren gorputza eta gainera arnasa hartzea zaila izaten da hankek biriken aurka presioa egiten dutelako.
Hala ere, atletismoaz gain gaur egun gurpildun aulkiko atletek kirol ezberdinak egiten dituzte Euskal Herrian bertan, “erreztasunak ditugu”, dio Esnaolak. Krosez gain, igeriketa, saskibaloia, gimnasioa... baita arrauna ere.
Dena den, nazioarteko txapelketetan mailakaketa zorrotzagoa eta zehatzagoa da eta kategoriak biderkatu egiten dira kirol eta elbarritasun mailaren arabera.
Bizipoza
“Beti esan izan dut, elbarrien artean oso gustura sentitzen naiz, oro har bizipoz handia daukagun jendea gara, nahiz eta denetarik dagoen. Badago jendea bere egoera onartu nahi ez duena, baina ez daukagu beste erremediorik, aurrera egin behar da nola-hala”, dio Lontxo Esnaolak segurtasun osoz.
Iñaxi Arruti emazteak baietz dio buruarekin, eta ondo asko gogoratzen ditu senarrarrekin bizitako kirol-bizipen eta anekdota guztiak.
Zoriontasunak gurpildun aulkian ibiltzen badakielako, maitasunak bezalaxe.
“Batzuek irabazteko egiten dute kirola, nik ondo pasatzeagatik egiten dut”, esanez amaitu du elkarrizketa Lontxo Esnaolak. Eredua gurpildun aulkian.