Okerra harria Lasarte-Orian geratuko da

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urr. 18a, 21:03
Okerra 140,2 kiloko harritzar irregularra herrian geratuko da behin betiko. Sasoeta baserrian jaio eta orain arte Kantabrian egon bada ere, gaurtik aurrera kokalekuz aldatu eta herrian jasoko dugu Joxe Mari Lasa zenaren familiak prestutasun osoz utzita.

Iaz, 30 urteren ostean plazara atera zen berriro Okerra eta aurtengoan ere asteburuan ospatutako Euskal Jaiko ekintza garrantzitsuena izan da. Iban Ugartemendia Hernialdeko harri-jasotzaileak eta Joseba Ostolaza oriotarrak bost minutuko tartean hainbatetan berdindu dute maltzurra, irristakorra eta heldulekurik gabea den harria. Ostolazak sei aldiz jaso du, iaz baino jasoaldi bat gutxiago eginda eta Ugartemendia laurekin estreinatu da. Bakoitzak bere teknika propioarekin jaso du, nahiz eta ez diren erabat asetuta agertu egindako lanarekin. Okerra harria jasotzea gutxi balitz bezala. Ostolazak iaz egindako balentriari Ugartemendiak eman dio segida eta Okerra harria jaso dutenen zerrendara gehitu du bere izena: Zestoako Urtain, Orioko Oliden, Hernaniko Egia anaiak, Aginagako Errasti eta Arteaga lasarteoriatarraren albora hain zuzen. Ttakun Kultur Elkarteak eta Udalak eskerrik beroenak eman nahi dizkie harri-jasotzaileei eta bereziki Joxe Mari Lasa zenaren familiako kideei Okerra harria Lasarte-Orian uzteagatik.

Okerra harriaren galeria: http://txintxarri.info/galeria/643/