Euskal jaia gogoz hartu dute herritarrek

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urr. 18a, 15:41
Uda giroko goizak herritarrak kalera ateratzea animatu ditu eta Euskal Jaiaren baitan antolatutako ekintzetan parte hartzea handia izan da. Ibilbide historikoa, bertso eta kantu-dantza jiraren ostean bazkaltzeko garaia da eta Okendon 200 bat lagunek paella ederraz gozatuko dute.

Goiza txistularien dianarekin hasi dute herritar askok. Lehenengo hitzordua Okendon izan da herriko historia ezagutzeko ibilbideari ekiteko. Bereziki animoso hasi dute eguna Gazte Klubeko lagunek. Hauek ibilbidea egin dute helduekin batera, bideo berezi bat grabatzeko helburuarekin. 

Ibilbidea argazki zaharrak lagun, Miren Egizabalek gidatu du baina honek laguntzaile asko izan ditu lan hauek burutzeko. Edu Galardik esaterako, pasarte historiko ezberdinak azaldu ditu eta ATCko neskek baita Miren Zubeldia herritar beteranoek ere, garai bateko kontuak azaldu dizkiete parte hartzaileei. 

Garai bateko herria gogoan
Besteak beste, Udaletxeko arkupetan dantzaldia egoten zela, bertan pilotan ere aritzen zirela edota Santa Ana parodian hasiera batean, emakumeek parte hartzen ez zutela aipatu dute. Zumaburu irla bat zela gogoratu dute ere eta bertan jaietan egiten ziren sega apustuen arrakasta eta ikusmina. Ura etxeetan ez zegoenez, Ganbo iturrirra ur bila nola joaten ziren aipatu dute batzuek gaztetxoenen harridurarako.

Ibilbidea amaituta, Okendo plaza baserritarrez jantzitako jendez betetzen hasi da poliki-poliki. 

Umeentzat
Eguraldi onak jendea kalera ateratzea animatu duela dirudi eta dantza-kantu jira jendetsua izateaz gain, alaia ere izan da. Aurrez jendea plazara gerturatzeko txalaparta doinuak entzun ahal izan dira eta Unai Muñoa eta Patxi Etxeberriaren bertsoek jaian parte hartzera animatu dituzte herritarrak.

Okendon lehenengo dantza eta kantak egin eta Sagardotegi kalean egin dute bigarren geldialdia. Honetan parte hartu dute Xumela, Ttirriki-Ttarraka eta musika eskolako ikasleek eta Erketzeko dantzariek besteak beste. Ondoren erdigunetik dantza eta kanta izan dira nagusi. Aipatu behar da, umeentzat ezagunak diren kantak abestu dituztela kasu honetan Xumelakoek eta haur zein helduak dantzan ikusteko aukera izan da. Denek hori bai, berorari aurre egin behar izan diote, izan ere eguerdian 25 grado markatzen zituen termometroak.

Herriko auzoak girotzeko asmoz, kalejira jendetsua Sasoetara eraman da. Bertan geldialdia egin eta ostean, Okendorako bidea hartu dute. Plazara iritsita, 14:00ak aldera paella goxoa dastatuko dute 200 herritarrek.

Etenik gabeko jaia

Bazkalostean, 16:00etan Saskibaloia, futbola, esku pilota, lokotxak-sokatira... izango dira haur eta gaztetxoentzat herriko Ostadar eta Intza elkarteek antolatuta. 17:30ean Okerra Harria altxatuko dute Iban Ugartemendia eta Joseba Ostolaza harri jasotzaileek, 18:00etan Erromeria Ezten Girorekin, 20:30ean pintxo potea eta 22:30etik aurrera Karaokea eta Gau Musikatua.