Ekitaldi ugari Aniztasunaren jaialdian

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urriaren 17a

Badator Lasarte-Oriako Aniztasunaren jaialdia. Urriaren 24ean eta 25ean ospatuko da; ekitaldiz josita dago aurtengo egitaraua. Lasarte-Oriako kultur aniztasunaz gozatu ahalko dute herritarrek datorren asteburuan.

Abenduan antolatu zuten Lasarte-Oriako Udalak eta Aniztasunaren Sareak joan den urteko Aniztasunaren jaialdia, baina aurtengoa urrian izango da. "Eguraldi hobea egiten du urrian abenduan baino", azaldu du Gorka Lizarraga zinegotziak. Datorren asteburuan ospatuko dute, zehatzago esanda: 24ean (ostirala) eta 25ean (larunbata). 

"Beste behin balioa eman nahi diogu gure herrian dagoen kultur aberastasunari", esan du Lizarragak. Agerraldia egin dute Udaleko eta jaialdian parte hartuko duten elkarteetako hainbat ordezkarik gaur arratsaldean, udaletxe berrian. Azaldu dute zeintzuk ekitaldi egingo diren datorren asteburuan.

Hasiera ostiralean

Dinbi Banda herriko batukada taldeak irekiko du aurtengo Aniztasunaren jaialdiaren egitaraua. 20:30ean batukada emanaldia emango du, eta amaitu ostean euren aurtengo ikastaroaren berri emango dute, Isa Fernandez de Agirre Dinbi Bandako kideak azaldu duenez. Herriko batukada taldearena izango da ostiraleko ekintza bakarra.

Ekintza ugari larunbatean

Kirolak ere badu tokia aurtengo jaialdian. 10:00etan boleibolean jokatzeko aukera egongo da AMPA Sasoeta-Zumaburu Guraso Elkartearen eskutik, herriko Kiroldegian. Handik ordubetera berriz, futbolean arituko dira toki berean.

Bi ekintza horien tartean, 10:30ean, Mintzodromoa hasiko da, Okendo plazan. Maila desberdineko euskal hiztunei zuzenduta dago, eta hainbat gairi buruz hitz egin ahalko da bertan. Mintzodromoan zehar landuko diren gai guztiak kultur aniztasunarekin dute zerikusia, Gorka Lizarragak azaldu bezala. Islama ezagutzeko aukera egongo da, euskarazko hitz batzuk ikastekoa ('Dastatu euskara'), 'Lasarte-Oriako Euskal-Indioak' gaiari buruz aritzekoa eta ezagutzeko etorkinak zergatik etortzen diren pateretan, besteak beste.

Mintzodromoa bukatu eta berehala Kulturarteko Dantza Erakustaldia hasiko da, Kukuka antzerki eta dantza eskolak antolatuta. Okendo plazan izango da ekintza hori ere. Hainbat herrialdetako taldek euren dantzak plazaratuko dituzte.

Bideoklipa

Lasarte-Oriako kultur aniztasunaren inguruko bideoklip bat prestatzen ari dira, Haritz Iparragirre komunikazio arduradunak esan duenez: "Gure ustez, herriak behar du bere burua aurkezteko bideo bat; pentsatu dugu gure altxorrik handiena, Lasarte-Oriako kultur aberastasuna erakutsi behar dugula". 

Bideoa sortze prozesuan dago oraindik; herriko hainbat elkartek hartu dute parte grabaketetan. Iparragirrek zehaztu du "bideoaren azken zatia" grabatuko dela larunbatean, 13:00ean. Flashmob bat egingo dute Okendo plazan. Grabaketaren aurretik plazan bertan entseguak egingo dituzte koreografia ikasteko (Kukukak prestatu du), Kulturarteko Dantza Erakustaldia bukatu eta berehala. "Jendea animatu nahi dugu entseguetara eta grabaketara etortzera", esan du Kontxu Iartzak.

Lasarte-Oriaren aurkezpen bideokliparen azken zatia grabatu eta gero, Banaiga Band taldeak musika giroa jarriko du Okendo plazan, 13:30etatik aurrera. 'Nazioarteko kantuak elkarrekin kantatzen' izeneko ekitaldia egingo dute. Edozein pertsonak edukiko du aukera bere herrialdeko kantuak ezagutzera emateko, plazako oholtzara igota.

Jaki dastaketa, indarrak hartzeko

"Hamabost bat postu egongo dira plazako arkupeetan, herrialde desberdinetako jaki ezagunenak dastatzeko. Mintzodromoan erabilitako aulki eta mahaiak ere jarriko dira, jakien dastaketa bertan egiteko", azaldu du Lizarragak.

Indarrak hartu ostean, beste ekitaldi batzuk egingo dira arratsaldean. 16:00etan hasiko da Eliza ebangelikoko lagunen kantu eta dantza emanaldia, Okendon bertan. Bestalde, Extremeña elkartean Kultur Aniztasun Karaokea egingo dute. 

17:00etan emango zaio amaiera aurtengo Aniztasunaren jaialdiari, Okendo plazan.