Errigoraren udazkeneko kanpaina, prest

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urr. 17a, 15:28
'Nafar Hegoaldeko uzta euskarari puzka' izeneko kanpaina prestatu du Errigorak. Zazpiak Bat, Sortzen Ikastolen Elkartea eta AEKrekin elkarlanean landuko da. Euskal Herri osoan izango du hedapena kanpainak.

Herri desberdinetako hainbat elkartek parte hartuko dute Errigoraren udazkeneko kanpainan; Ttakun Kultur Elkartea dago horien artean. 

Iaz bezala, produktuz betetako saskiak erosi ahalko dira, Nafarroa Hegoaldeko euskarari eta denen elikadurari bultzada bat emateko. Antolatzaileek nabarmendu dute "ahalegin berezia" egin dutela ekoizle gehiagoren produktuak sartzeko aurtengo saskian; 10 izan dira aurten, iaz baino 5 gehiago.

Kanpainaren egutegia

Antolatzaileek azaldu dutenez, urriaren 27an prentsaurreko bat emango dute kanpaina aurkezteko. Horrekin batera irekiko da saskiak eskatzeko epea, eta azaroaren 12an itxiko da. Azaroaren 17tik 30era banatuko dira saskiak, eta abenduaren 1etik 7ra ordaindu. Saskien prezioa 50 eurokoa izango da. Lasarte-Orian Ttakunen egin ahal izango dute herritarrek euren saskiaren eskaera urriaren 27tik. Bertan datuak hartuko dira eta ondoren, esango da zein egunetan ordaindu eta jaso behar diren.

Lasarte-Oriako hainbat gunetan erosi ahalko dira saski horiek; AEK-Muntteri euskaltegian, esaterako. Datorren astetik aurrera egongo dira eskuragarri saskiak, 50 eurotan. Produktu sorta hori erosteko ez da zertan euskaltegiko ikaslea izan behar, AEK-Muntteriko kideek azaldu bezala.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, saskiak saltzetik jasoko den diruaren %25 Erriberako ikastoletara, Erriberako AEKra eta euskaraz bizi eta ikasi herri ekimenaren Hamarratz proiektura.

Funtzionamendua

Kanpaina hasterako, Errigora arduratuko da leku bakoitzean (ikastola, eskola, euskaltegi, elkarte, udaletxe edota enpresa), erakusgarri izango den saskia, kartela eta eskuorria banatzeaz. Ondoren, kanpainak dirauen asteetan saskia eskatu nahi dutenen zerrendak osatuko dira.

Leku bakoitzean eskaria zenbatekoa den Errigorari jakinarazi beharko zaio. Ostean, saskien banaketa Errigorak egingo du. Leku bakoitzetik Errigorarekin kontaktuan aritu denak, saskien dirua jaso eta horretarako sortutako kontu korrontean sartu beharko du.

Saskiaren edukia

Hainbat produktuk osatuko dituzte saskiak: bi olio botila, bi piper poto, potxak, orburuak, kardoak, bi zainzuri latak...produktu horietako batzuk ekologikoak izango dira: mahats zukua, tomate saltsa, barazki krema, pikillozko marmelada eta ardo beltz botila bat.