Basaundi eta Leitza arteko bidea egin dute 30 txirrindularik Plazaolako bidetik barrena

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urriaren 17a

Pasa den larunbat goizean 30 lagun inguru bildu ziren Basaundiko plaza eta Leitza bizikletaz lotzeko asmoz. Eguraldia lagun izan ez bazuten ere, euriari aurre egiteko xira eta neguko arropa jantzita, Nafarroa aldera joan ziren ttirriki-ttarraka Plazaolako trenbide zaharraren bidetik.

Giro ederrean, hizketan eta paisaiaz gozatuz egin zuten 30 kilometroko bidea. Behin Leitzara ailegatuta, hamaiketako eder bat egin eta eguerdirako bueltan ziren txirrindulari ausartak. Erretako energiak berreskuratzeko Buruntz-Azpi elkartean bazkaldu zuten. 
Bitxikeria gisa, 12 urteko Izadi lasarteoriatarrak bide guztia egin zuen (argazkian erdian ageri da). Antolatzaileek datorren urtean neska gehiago animatuko direnaren itxaropena dute.