LOKEko judokak tatamian berriro

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urriaren 17a

Herriko judokak itzuli dira lanera. Gorka Aristegi entrenatzaile-irakaslearekin judoa egiten duten gazteak asko dira Lasarte-Orian. Bakoitzari dagokion gerrikoa hartu eta kimonoa janzteko ordua da. Hasi dituzte entrenamenduak kiroldegiko tatamian.

LOKEko judoaren alorra osasun onean da. Gazte askok egiten dute kirol honen aldeko hautua, herrian errotuago dauden kirolak egon badauden arren.
Gorka Aristegi judo entrenatzaile-irakasleak aitortu duenez eskola “topera” dauka: “Guk dauzkagun orduekin eta tatamiarekin askoz ere ume gehiago ezin ditugu hartu, oso pozik gaude jasotako erantzunarekin”.
Bi multzo edo adin-tartetan banatuta dago LOKEren judo eskola. Batetik, 7-10 urte bitarteko txikitxoak daude. Hauek klub barneko liga eta txapelketetan aritzen dira gehienbat. Bestetik, helduagoak, alebin, infantil, kadete, junior eta seinorrak daude.
Bi talde horiez gain, Eskola Kirolean ia 30 ume izaten dituzte ostiralero. 

Eskolaren helburuak
Eskolaren helburuak ezberdinak dira adin-tarte edo pertsonaren arabera. “Helduenekin badago multzo bat txapelketetan eta goiko mailetan lehiatzen aritzen dena. Lan berezi bat egiten dugu horiekin, batez ere kadete mailatik aurrera. Helduek hiru egunetan entrenatzen dute tatamian eta beste bi egunetan fisikoa kanpoan”, adierazi du Aristegik.
Dena den, eskolaren asmoa ez da soilik lehiaketa edo puntako emaitzen bila aritzea: “Oro har helburu potolo bat daukagu, hitza bera bezain potoloa, eta helburu hori formakuntza da. Pertsonak formatu nahi ditugu txapeldunez haratago, beraien dohainak zein diren ezagutzeko primerako kirola da judoa, euren erabakiak hartzen ikasten dute gazteek”, dio Aristegik.
Gaztetxoenekin judoa bakarrik ez, joko eta jolasak ere uztartzen dituzte LOKEn, “mugimendu ezberdinak” ikasteko eta “lehen urratsak “emateko. Judoan teknikoki sakondu edota gerriko beltza lortu nahi dutenentzat ere ateak irekita dituzte.
Judoa egiteak dituen abantailez galdetuta, Aristegik argi du: “UNESCOk gomendatzen duen kirol bakanetakoa da, osasungarria da aiton-amonentzat, ume txikientzat, arazoak dituzten umeentzat, lotsatientzat, itxientzat... Denetarik daukagu”.

Izen-ematea
Judoan hasi nahi duena tatamitik pasa daiteke astelehen astearte eta ostiraletan 18:30etatik aurrera. Bestela, telefonoz dei dezake 651 70 22 85 zenbakira (Gorka).