"Psikiatriko bateko ametsak" antzezlana bihar

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urriaren 16a

Euskal Jaiaren egitarauaren baitan bihar 22:00etan izango da Manuel Lekuonan HIGA Zurriola ikastolako antzerki taldearen lana. Kukukako kideek proposatu dute antzezlana Kultura saileko amateur programazioan.

Manuel Lekuona kultur-etxean izango da bihar "Psikiatriko bateko ametsak" antzezlana. Hau aurkezteko agerraldia egin dute Kukuka, Udala eta Zurriola Antzerki eskolako kideek. Azaldu dutenez, antzezlana larunbatean egingo den Euskal Jaiaren egitarauaren barruan dago. Iaz ekin zitzaion programazioa amateurra herriko elkarteekin lantzeari eta pozik azaldu dira lortutako emaitzarekin. Dagoneko buelta bat egin da, hau da, talde bakoitzak herrira ekarri du talde eta lan bat eta orain bigarrena hasiko da.

Kontxu Iartzak azaldu duenez, aspalditik harreman estua du Kukukak Donostiako Zurriola ikastolako antzerki eskolarekin. Hau dela eta, lan hau herrira ekartzea erraza izan da. Joserra Fatxado da HIGA taldearen zuzendaria eta agerraldian honek bihar ikusiko den lanaren kalitatea azpimarratu nahi izan du "25 urte inguruko aktoreak dira baina kontutan izan behar da, hauetako asko 9 urtekin hasi zirela nirekin antzerkia egiten, ez dira profesionalak baina esperientzia luzea dute". 

Antzezlanari dagokionez, jatorrizko testua Zurriolako irakasle batek itzuli ziela aipatu nahi izan du Fatxadok "eskertzekoa da oraindik jendeak musutruk halako lanak egitea antzekia gurera ekarri ahal izateko". Moldaketa eurek egin dute eta psikiatriko bateko istorio ezberdinak dira ardatz, "erotasunaren krudeltasuna erakusten da baina umore ikutuak ditu eta ondo pasatzeko antzezlana da" azaldu du zuzendariak. Esaterako, lanak Donostiako Antzerki topaketetan lehenengo saria eskuratu zuen.

Denek herritarrak animatu nahi izan dituzte honetara gerturatzeko bihar ostirala 22:00etan. "Familia guztiari zuzendutako antzezlana da eta ikusleek ziur ondo pasako dutela". Aurrez sarrera 3 eurotan eskura daitezke eta bihar bertan 5 eurotan salgai izango dira Kultur-etxean.