Euskara ospeletik eguterara, testigantzak itzaletik argitara

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urr. 16a, 01:01
Euskarak hiztunak galdu ditu azken mendeotan, euskara hitz egiten den eremua murriztu egin da eta hizkuntza transmisioaren katea haustear izan da hainbatetan, batez ere frankismo garaian. XX. mendean euskarak jasan zuen atzeraldia ulertzen saiatzerakoan, ezinbestekoa da hizkuntza indarrez desagerrarazteko erabili zituzten neurriak aztertzea.

Gerraostean bizitakoak herritarrei azaltzeko Imanol Lizardik, Juanita Kastresanak, Miren Zubeldiak eta Itziar Camarerok euren garaiko testigantzak eskaini dituzte.

Lasarteoriatarren bizipenak entzun aurretik, “Euskararen kate hautsiak” ordu erdiko dokumentala ikusi dute bertaratutako 70 lagunek. Horren ostean, Dabid Anaut egileak dokumentalaren izen bera duen liburua aurkeztu du. “Liburuak asko erakutsi digu. Bi zati handitan banatuta dago, euskarak jasandako zapalkuntza batetik, eta euskalgintzako mugimenduen sorrera bestetik”. Zati bat iluna, ospela; eta bestea argia, egutera alegia.

Euskaldunen memoria historikoa berreskuratzeko asmoarekin egin ditu Euskal Memoria Fundazioak liburua eta baita gaurko hitzaldia bera ere. Aurretik dokumentazioa biltzen eta testigantzak jasotzen lan handia egin dutela azaldu du, gero elkarbanatu eta garai hartan bizitako injustiziak salatzeko helburuarekin.

“Izan ere, euskararen zapalkuntzak hizkuntza berari bakarrik ez, jendeari berari egin dio min, izen abizenak dituzte euskaraz hitz-egite hutsagatik sufritu eta umiliatuak izan diren horiek”, ohartarazi du Anautek.

Euskara zapaltzeko mekanismo errepresiboak ez ziren “indarkeriazkoak” soilik izaten, eskoletan, Guardia Zibilaren kuarteletan edo kalean gertatzen zen bezala, “mekanismo ideologikoak” ere bazeudela gogorarazi du Anautek: “Euskalduna baserritar munduarekin lotzen zen, kultura ezarekin. Erdara zientzia zen, erdara aurrerapena zen”.

Herriko testuinguruan

Lasarte-Oriaren kasua ez da salbuespena izan, areago, zapalkuntza gehien jasan zuten herrietako bat izan dela diote adituek. Gerraosteko garai makurrak gogoratzeko, Imanol Lizardi, haren ama Ixiar Camarero, Miren Zubeldia eta Juanita Kastresana herriko bizilagunak bildu dira.

Euren seme-alabak euskaraz hezteko hautua egin zuten hiru amek, hizkuntza jazarria eta zigortua zegoen arren. Hainbat anekdota eta bizipen kontatu dituzte eta publikoak ere bere ekarpenak egin ditu garaiko kasuistika zabala errepasatuz.

Besteak beste, gaztelaniaz hitz egitera behartzen zituztenekoa, nola euren gurasoek “pello” konplejua zeukaten, baserrian bizita erdaraz trakets hitz egiten zutelako gaizki pasatzen zuten egunetakoa, harategian “ya verás este niño como habla vasco” Lizardi txikiari esaten ziotenekoa edo “a ver si hablamos en cristiano” esan eta Juanita sutzen zuten uneak, erdal analfabetoak ziren gurasoak umea gaztelaniaz zuzen hitz egiten entzutean hartzen zuten poza etab. izan dituzte gogoan ordubete iraun duen solasaldian.

“Gazteei aspaldiko kontuak iruditzen zaizkie, baina guretzat atzoko gauzak dira”, esan dute.

Hizkuntzak etxe giroan, sutondoan biziraun bazuen ere, idatzia ia erabat desagertua izan zen Lasarte-Orian. Bi lekutan izan ezik. Bi lekutan iraun zuen euskara idatziak herrian Imanol Lizardik gogoratu bezala: “Gure Etxea tabernan bazen hegazkin bat agertzen zen panel antzeko bat euskara hutsean idatzita, oraindik hor dirauela uste dut eta bestea hilerriko sarreran zizelkatua zegoen, bertan `laister esango da zuecgatik esaten oi dana gugatik ¡ilciran!´ jartzen zuen”.

Zorionez euskarak bizirik dirau ordea, “batzuek eutsi egin ziotelako jarraitzen du bizirik euskarak, askok eta askok hizkuntza baztertzea erabaki zuten, ondorengoei ez irakasteko hautua egin zuten. Presioa jasan zutenengatik, Ixiar, Juanita eta Miren bezalako jendeagatik bizi da oraindik euskara”, esanez amaitu du hitzaldia Dabid Anautek.

Ttakun Kultur Elkarteak, Euskal Memoria Fundazioak eta Udalak elkarlanean antolatu duten ekimena izan da asteazken ilunabarrekoa, larunbateko Euskal Jaiaren testuinguruan.