Eztabaidatutako puntu guztiak onartu dira ohiko udalbatzarrean

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urriaren 14a

Bost gai eztabaidatu dituzte gaurko ohiko udalbatzarrean. Bozketak egin ostean, denak atera dira aurrera. Sei zeuden zerrendan, baina PSE-EEk erabaki du Antonio Merceroren museoa atzeratzea. Hamalau zinegotzik eztabaidatu dituzte zerrendako puntuak; PSE-EEko Nerea Artamendi eta Iñaki Mugika eta adskribatu gabeko Marisa Zubiri ez dira pleno aretoan egon.

2014ko apirilaren 11n eta 25ean egindako bilkuren akten onarpena eta 2014. urterako Lanpostuen Zerrendan egin beharreko legezko zuzenketa bat (Zerbitzu Sozialen arduradun lanpostuaren derrigortasun-datari buruzkoa) izan dira zerrendako lehen bi gaiak. Azkar eztabaidatu dituzte bi puntu horiek. Lehenengoa aho batez onartua izan da eta bigarrenean 10 aldeko bozka (EH Bildu, EAJ, LOHP eta PP) eta 4 abstentzio (PSE-EE) egon dira. 

Eztabaidak alderdien artean

Zerrendako hirugarren gaia EH Bildu eta EAJ alderdiek aurkeztutako mozio bat izan da, Espainiako Konstituzio Auzitegiak Kataluniako kontsulta bertan behera uzteko hartutako erabakiari buruzkoa. Gorka Lizarraga zinegotziak irakurri du mozioa, eta gero azalpenak emateko bi erronda egin dira. PP alderdiko Vanessa Velezek hartu du hitza lehenbizi. Esan du erabakitzeko eskubidea ez dela legala, eta Espainiako gobernua beti egon dela prest Kataluniarekin hitz egiteko. Gorka Lizarragak erantzun dio autodeterminazio eskubidea Nazio Batuen Gutunean jasota dagoela eta Espainiako Gobernuak legalitatearen horma erabili duela benetako auzia ezkutatzeko: Kataluniak erabaki behar du bere buruarekin zer egin nahi duen.

EAJren bozeramaile Estitxu Alkortak ere hartu du parte gai horretan; eredutzat jarri du berriki Eskozian burutu den prozesua, eta Velezi galdetu dio ea zergatik ez den posible Espainian horrelakorik egitea.

Eztabaidatu ostean, bozketa egin dute. Aurrera atera da mozioa, aldeko 7 bozkarekin (Bildu eta EAJ), aurkako 5ekin (PSE-EE eta PP) eta 2 abstentziorekin (LOHP). 

Kanonaren ordainketa

Kataluniakoaren ostean beste mozio bat aurkeztu du EH Bilduk. Liburuen maileguengatik liburutegi publikoek ordaindu beharreko kanona bertan behera uzteko eskatu dute. Tasio Arrizabalaga zinegotziak irakurri du mozioa. EAJ eta PSE-EEko bozeramaileek, Estitxu Alkortak eta Jesus Zaballosek adierazi dute bat egiten zutela mozioarekin, bigarren puntuan izan ezik.

Alkortak proposatu du mozioa puntuka bozkatzea edo bestela bigarren puntua aldatzea. Azkenean, bi gauzak egin dituzte. Bigarren puntuan "kanonaren ordainketa bertan behera uztea" eskatu beharrean, "bertan behera uzten saiatzea" jartzea onartu dute. Ondoren, bozketa puntuka egin dute. Lehenengo puntuan 13k bozkatu dute alde eta PPko zinegotziak bakarrik aurka. Bigarren puntuari dagokionez, 9 aldeko bozka (EH Bildu, EAJ eta LOHP) eta 5 aurka (PSE-EE eta PP).

Horren aurretik eztabaida egon da Velezen eta Arrizabalagaren artean. Velezek esan du erru guztia ez dela PPren gobernuarena izan eta ordaindu beharreko kanoneko zifrak (0,20 euro liburuko eta 0,004 eta 0,05 euro artean bazkideko) ez direla garestiak. Arrizabalagak erantzun dio EH Bilduk ez duela errudunik bilatu nahi; adierazi nahi du ez datorrela bat neurriarekin, besterik gabe. Era berean, ohartarazi du kanon horiek diru publikoarekin ordaindu beharko liratekeela, eta Lasarte-Oriak dituen biztanle kopurua aintzat hartuta kopuru hori garestia izan daitekeela. 

PSE-EEren mozioa, atzeratuta

Antonio Mercero museoa egiteko espazioari buruzko mozioa zen bosgarren puntua. Jesus Zaballosek hartu du hitza, baina ez du mozioa irakurri; azaldu du atzeratu egingo duela alderdi sozialistak, aurretik Ttakun Kultur Elkartearekin bildu nahi duelako.

Zaballosek azaldu du Ttakunek proiektu bat daukala espazio hori erabiltzeko, eta Udalak hala adostu zuela kultur elkartearekin: "Alderdi sozialistak ez zeukan egitasmo horren berririk. Hori dela eta, Ttakunekin bilduko gara egitasmo horren berri izateko. Era berean, Udal gobernuari eskatzen diogu erabakiak hartu baino lehen gainontzeko alderdiekin kontsultatzeko". 

Udal kontu-hartzaileak gaur arte bideratutako erreparoak (nominei eta kontratazioei buruzkoak izan dira gehienak) izan dira gai zerrendako azken puntua, eta onartuak izan dira.

Galderak eta erreguak

Hainbat galdera planteatu dituzte alderdi desberdinetako kideek, eta galdera horiei dagozkien erantzunak eman dituzte Pablo Barrio alkateak eta Nerea Sanchez (EH Bildu) eta Ana Isabel Prieto zinegotziek (LOHP).

Ondoren herritarrek izan dituzte euren galderak plazaratzeko aukera. Hiru galdera egon dira guztira. Lehenengoa herriaren izenari buruzkoa izan da; herritar batek eskatu du 'Lasarte' izan behar duela herriaren zilegizko izena, eta laster hauteskundeak datozela probestuz eskatu du herri kontsulta bat egiteko horren inguruan. Alkateak erantzun du aztertuko dutela proposamen hori. 

Beste herritar batek eskatu du argitzeko zer gertatuko den Antonio Mercero museoa egitera bideratuta zegoen espazioarekin. Udal gobernuari eskatu dio azalpenak emateko gai horren inguruan, Merceroren emazteak lan asko hartu duelako zine zuzendariaren ibilbideari buruzko informazioa pilatzen. Boris Nogales Kultura Batzordeko zuzendariak erantzun dio jasota geratzen dela bere proposamena, eta ahal bezain laster emango dituztela azalpenak.

Bukatzeko, herritar batek desadostasuna adierazi du Kataluniaren eta Euskal Herriaren independentzia nahiekin.