Manuel Lekuona kultur etxeko auditorioan egin dute proiektuaren aurkezpena, 11:00etan. Bertan izan dira Astigarragako alkate Andoni Gartzia, Usurbilgo Mertxe Aizpurua, Andoaingo Ana Carrere, Hernaniko Luis Intxauspe eta Lasarte-Oriako Pablo Barrio. Urnietako alkate Mikel Pagolak ez du agerraldira joaterik izan.
Lehenengo hazia, 2012an
Eskualdeko Lankidetza Protokolo Orokorra izeneko agiria sinatu zuten Buruntzaldeako sei udalek 2012an. Hori izan zen garapen agentziaren proiektuaren “lehenengo hazia”, gaurko agerraldian nabarmendu dutenez: “Orduz geroztik garatzeari utzi ez dion proiektu bat eratu genuen orduan, gaur egunera arte. Eskualdearen diagnostiko sozioekonomiko bat egin dugu eta esparru desberdinetan jarraitu beharreko ildo estrategikoak landu ditugu, hainbat erakunde eta elkarterekin elkarlanean”.
Eskualdearen diagnostikoa eta jarraitu beharreko ildo estrategikoak eskualdeko Enplegu Planean jasotzen dira. Lehen aipatutako erakunde eta elkarteen ekarpenetan oinarrituz izan zen diseinatua plan hori. Horrek hainbat arlotan esku hartzeko aukera eman die sei udalei: enpresen sorkuntza eta kudeaketarako prestakuntza emateko, enpresa sortu berriei laguntzen, prestakuntza programak definitzeko...
Andoainen kasua
Garapen agentziaren proiektuaren parte hasieratik izan arren, Andoainek legez ezin du gainontzeko udalen maila berean parte hartu proiektuan, daukan zorpetze maila jaistea lortu arte. Ordezkariek zehaztu dute "bazkide kolaboratzailea" izango dela Andoain, eta beste bost udalak berriz "izatezko bazkideak". Andoainek zorra jaisten duenean, beste udalen maila berean kokatuko da.
Gaur egungo egoera
Udaletako ordezkariek zehaztu dutenez, Eusko Jaurlaritzatik eta Gipuzkoako Foru Aldunditik etorritako diru-laguntzak ari dira kudeatzen uneotan. Buruntzaldeako Udalek ere egin dute beraien ekarpena. Hortaz, “milioi bat euro baino gehiago” bideratuko dira eskualdeko hainbat alor lantzera.
“Horrek argi uzten du Buruntzaldeako Garapen Agentzia Integrala sortzearen beharra; azpiegitura horrek gaur egun eskualdean egiten den lana kudeatu beharko du eta etorkizunera begira egitasmoak planteatu”.