Xumelako kideak Pirritx, Porrotx eta Marimototsen diskoaren grabaketan

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urr. 13a, 21:20
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen proiektu berrian hartu dute parte herriko Xumela koruko kideek. Andoaingo Garate Studioan aritu ziren grabaketa lanetan, Kaki Arkarazo teknikariaren eta Xabier Zabala konpositorearen gidaritzapean. Azaroaren 14an aurkeztuko dute diskoa, Albaola egoitzan.

Hiru pailazoen disko berriak Albaola proiektua izango du ardatz; Pasai San Pedron eraikitzen ari diren XVI. mendeko baleontziaren erreplika, alegia. 

Hiru abesti
Hiru abestitan hartu dute parte Xumelakoek: Andoni Egañak Xumelako zuzendari Josu Txapartegiri eskainitakoan, Jon Maia bertsolariak Zumaiako arraunlariei konposatutakoan eta Kepa Junkerak, Eñaut Elorrietak eta Kirmen Uribek Gure Esku Dago ekimenari egindakoan. 
Zarauzko Montetxio abesbatzarekin batera abestu zuen, eta Niko Etxart kantariarekin eta Zumaiako arraunlariekin bi kanta partekatu zituen Xumelak.

“Ilusioz eta arduraz” burutu dute Xumelakoek diskoaren grabaketaren erronka. Urtetik urtera igotzen ari da abesbatzaren kide kopurua: dagoeneko 60 lagunetik gora elkartzen dira astelehenero, ordu batez, elkarrekin euskaraz modu erraz eta alai batean kantatzeko.