Euskararen zapalkuntzaren lekukoak

maider-azurmendi 2014ko urr. 13a, 11:21
Ttakunek, udalak eta Euskal Memoria Fundazioak "Euskara, ospeletik eguterara" erakusketa ekarri dute Manuel Lekuonara. Euskal Jaiaren egitarauaren baitan dago kokatuta. Honekin batera asteazkenean "Euskararen kate hautsiak" dokumentala ikusi ahal izango da eta ondoren solasaldia egingo da izen bereko liburua idatzi duen Dabid Anautekin. Honetan hainbat herritarrek euren testigantzak eskainiko dituzte, herrian euskararen zapalkuntza nola bizi izan zuten ezagutzera emateko. Antolatzaileek saio honetan parte hartzera deitzen dituzte herritarrak.

Euskal Jaiaren egitarauaren baitan hainbat ekintza izango dira aste honetan zehar. Erakusketa, solasaldia eta Euskararen iragan hurbila ezagutzeko parada izango da besteak beste.
Gaurtik hasi eta larunbata goiza bitartean “Euskara, ospeletik eguterara” erakusketa izango da Manuel Lekuona kultur-etxeko erakusketa aretoan ikusgai. Asteazkenean berriz, “Euskararen kate hautsiak” dokumentala ikusi ahal izango da kultur etxean 19:00etan eta honetan izen bereko liburua idatzi duen Dabid Anautekin solasaldia egiteko aukera izango da. 

Honek euskararen zapalkuntzaren testigantzak jaso ditu eta gurean hau nola bizi izan zen kontatuko du herritar talde batek. Euskal Memoria Fundazioak Gipuzkoako Aldundiaren babesarekin egindako lana da “Euskara, ospeletik eguterara” erakusketa. Gipuzkoako herri ezberdinetan izan da ikusgai eta aste honetan gurera iritsi da. Erakusketa zein “Euskararen kate hautsiak” liburuaren helburua hizkuntzaren zapalkuntzaren oroimena berreskuratzea da. 

12 panel
Erakusketa osatzen duten 12 paneletan euskararen kontrako zapalkuntzak azken mendean izandako ezaugarriak eta utzitako ondorioak agertzen dira. Euskal Memoriatik aipatzen denez, konstante historikoa izan dela adierazten duten datuak jaso-tzen dira; hizkuntza desagerrarazteko baliatu diren bideak eta nolakotasuna: eskola, debekua, errepresioa eta zigorra, presio ideologikoa… 
Euskarak jasandako zapalkuntza honen adierazle diren garai ezberdinetako lekukotasun, gertakari eta agiriak zein honek utzitako ondorioak eta egungo egoeraren isla esanguratsuak topa daitezke panelotan. 

Hiztun galera
Gipuzkoarren % 96,6 zen euskal hiztuna 1866. urtean eta 1996an, berriz,  % 51,5 zen euskalduna. Euskal Herri mailan, % 52,2tik 27,6ra pasa zen. 
Euskal hiztun galera hau zergatik gertatu zen jakiteko, “funtsezkoa da euskararen zapalkuntza eta euskal herritarren kontrako jazarpen linguistikoaren oroimena berreskuratzea” diote Euskal Memoria Fundaziotik.

Euskararen oroimen historikoaren berreskuratzeari begira dokumentatze eta dibulgazio lanari heldu dio erakunde honek, “memoria historikoa berreraikitzeko lan orokorraren baitan”. 
Euskal Memoriatik azaltzen dutenez, “bereziki XX. mendean zentratu dugu geure hizkuntzak jasandako jazarpenaren azterketa, eta bilketa lan horrek bi atal nagusi izan ditu: batean herritarren hitza jaso dugu, eta euskarak jasan behar izan duen jazarpena eta zapalkuntza biltzeko eta deskribatzeko ahalegin berezia egin dugu.  Bestean, aldiz, honi Euskal Herritik emandako erantzuna, hizkuntzari eusteko sortu eta egituraturiko ahalegina”.  

Euskararen kontra egin eta eragindakoari heldu diote, eta honetan herritarrak dira kontakizun horren protagonistak, haien bizipenak eta oroitzapenak azalduz: eskola, gerra, administrazioa, kaleko giroa, herria eta hiria, etxea, lan-mundua… “Horietan guztietan euskara eta euskaldunak zertan ziren jakin nahi izan dugu”. 

Horrez gain, “XX. mendeko giro horretan euskaldunek, nola erantzun eta erreakzionatu zuten jasotzea garrantzitsua da. Euskararen zapalkuntza giro gogor batean, euskararen aldeko mugimendu sendo bat sortu zen, eta ekimen indartsu eta emankorra sortzeko gauza izan zen, gaur arte iraun duena eta euskara ospeletik eguterara ekartzeko gai izan dena”. Horri esker diote Euskal Memoria Fundaziotik, “euskarari eutsi diogu”. 

Euskal Jaia
Larunbatean Ttakunek herriko beste elkarteekin eta Udalarekin elkarlanean antolatu du bigarren aldiz Euskal Jaia. Honen egitarauan sartu dituzte erakusketa eta asteazkeneko solasaldia.  
Erakusketa gaur arratsaldeko 18:00etan zabalduko da eta larunbata goiza arte izango da ikusgai. 10:00etatik 13:00era eta 18:00tik 21:00rako ordutegian gerturatu ahal izango dira herritarrak.  
Hitzaldiari dagokionez, 19:00etan izango da kultur etxean eta “Euskararen kate hautsiak” dokumentalaren proiekzioarekin hasiko da. Ostean, solaserako tartea zabalduko da eta gurean hizkuntzak jasandako zapalkuntza nolakoa izan zen kontatuko dute Dabid Anautekin batera, Imanol Lizardi, Juanita Kastresana, Miren Zubeldia eta Itziar Camarero herritarrek. Kontutan izan behar da beste herrietan bezala, Lasarte-Oriako bizilagunek jasan zutela zapalkun-tza linguistikoa, izan ere, euskaraz eskolan egiteko aukerarik ez zegoen eta gaizki ikusita ere egon zen bolada luzean euskaraz kalean hitz egitea. 
Etxerako hizkuntza bezala geratu zen familia batzuetan eta beste etxe batzuetan berriz, galdu egin zen. Herrian gurasoen ekimenez ikastola sortu zenean, 1966.urtean, eman zitzaion nolabaiteko bultzada euskararen berpizkundeari. Andre Joakina-Enean kokatu zen ikastola  lehenengo urteetan. Ikasturtetik ikasturtera ordea, ugari-tzen joan ziren ikasleak eta leku berriak bilatu behar izan zituzten gurasoek euren seme-alaben hezkuntzak euskaraz jarraipena izateko. Herritarrek aipatu bezala, ikastolaren sorkuntzarekin batera hasi zen gurean euskararen aldeko mugimendua indartzen.

Hauek bezalako hamaika kontu entzuteko aukera izango da, “Lasarte-Oriako historiaren parte garrantzitsu bat agerian geratuko da solasaldi honetan”, adierazi dute.  

Bertaratutakoei euren bizipen eta testigantzak idazteko aukera emango zaiela ere aipatu dute antolatzaileek. 

Asteazkenean idatzi edota larunbatean, Euskal Jaian bertan, izango da aukera hauek uzteko. Soka bat jarriko da Okendo plazan eta honetan zintzilikatu ahal izango dituzte herritarrek hizkuntzari dagozkion euren istorio eta bizipenak.

Larunbatean festa
Bestalde, ostiralean Euskal Jaiaren egitarauaren barruan antzerki emanaldia izango da kultur-etxean. “Psikiatriko bateko ametsak” antzezlana eskainiko du HIGA taldeak. Kukuka antzerki eta dantza eskolak proposatutako ekintza da amateur programazioaren baitan. Sarrerak, aurresalmentan, 3,00 eurotan izango dira eta ostiralean, 5,00 eurotan. 
Egun handia larunbata izango da eta egitaraua goizean goiz hasiko da, 9:00etako dianarekin. Egun osoan zehar adin tarte guztiei zuzendutako ekintzak izango dira eta esaterako, Okerra harria plazan ikusi ahal izango da.

Antolatzaileek baserritar jantziaren garrantzia azpimarratu nahi dute eta herritarrak horrela jantzita plazara irtetera animatzen dituzte.