Texasek 0-4 galdu du Santo Tomas Lizeoaren aurka

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urriaren 11

Ligako 4. jardunaldia jokatu du etxean Texasek eta 0-4 galdu egin du. Denboraldia hasi besterik ez da egin eta jokalarientzat gaurkoa gogorra izan arren, gogotsu daude eta denboraldiko helburua sailkapeneko goiko aldean egotea dela azaltzen dute.

Texas Lasartearrak hasi du denboraldia, iaz 50. urteurrena bete zuen klubak, herriko festetan omendua izan zen gainera eta aurten, opari gozoa egin nahi dio bere buruari. Igoera fasera sailkatu nahi du Lasarte-Oriako klubak, eta behin bertan, igoerarengatik egin nahi du borrokan. Hori ezinezko balitz, Kopa irabazi nahiko lukete txuri-urdinek

Ligako ibilbidea
Azken hiru jardunaldietan garaipen bat eta porrot bat erdietsi ditu. Lehenengo jardunaldian Euskalduna menderatu zuen 1-2ko emaitzaz Andoainen. Bigarren jardunaldian atsedena izan zuen eta pasa den astean 2-0 galdu zuen Iluariren aurka. 

Gaur jokatu du etxeko lehenengo partida Santo Tomas Lizeoaren aurka eta hau hasi baino lehen berriki zendutako Ignacio Forja herritarra gogoan izan dute minutu bateko isilunearekin. Partidari gogotsu ekin arren, defentsan egindako hutsuneak garesti ordaindu ditu etxeko taldeak eta lehen zatia amaitzerakoan, donostiarrak aurreratzen ziren 0-2 markagailuan. Bigarren zatian berriz ezin izan diote buelta eman eta 0-4ko emaitzarekin amaitu da partida. Vicente Gil entrenatzailearentzat partida maldan gora lehenengo zatian jarrita, jokalariek huts handiak egin dituzte ondoren. Hala ere, datorren partidarako badakite zer zuzendu eta lanean jarraituko dute denboraldi hasiera besterik ez da eta.

Denboraldiko helburuak
Iazko bideari jarraiki, aurten ere Texasek Erregionalen I. Mailan eta I. Jubenil mailan ditu taldeak. Jose Cantos Texaseko ordezkariak azaldu ditu 2014/2015 denboraldirako asmoak: “Erregionalekin igoerarengatik egin nahi dugu borroka, ez diogu ezeri aterik ixten. Aurten fisikoki hobeto gaude, mutilak animatuta daude eta hobekuntza nabari da berdegunean”.  Jubenilen kasuan, “urtez urte hobetzea” nahi du Cantosek. Entrenatzaile lanetan Jesus Martin “Txutxi” arituko da gazteekin.

Koparekin harremanduta
Behin liga erregularra amaituta igoera fasera sailkatzerik ez badute, Kopari begirajarriko da Texas. Iaz final-laurdenetarainoko bidea egin zuten, baina 2009-2010 denboraldian II. Erregional mailako Gipuzkoako Kopa irabazi zuten.