XIX. Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia aurkeztu du Ostadarrek

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urriaren 10a

Ostadar Saiarre Kirol Taldeak gaur arratsaldean aurkeztu du urriaren 26an jokatuko den Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiaren XIX. edizioa. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurtengo nobedade nagusia denborak neurtzeko txipa izango da, dortsalean integratua joango dena. Beraz, korrikalariek ez dute bost euroko fidantza ordaindu behar izango. Dortsalean 1 zenbakia gurpildun aulkian ateratzen diren lasterkariek eramango dute, guztiek.

Lasarte-Oria Bai Kros Herrikoiaren XIX. Edizioa urriaren 26an korrituko da, goizeko 10:30ean hasita –gurpildun aulkikoak bi minutu lehenago aterako dira– eta azken edizioetako ohitura mantenduz, lasterketa hasi aurretik korrikalari guztiei agurra dantzatuko zaie. Irteera puntua Frutas Ruiz fruta-dendaren parean izango da, eta helmuga berriz, Okendo plaza iritsi baino pixka bat aurrerago (Laubide bezala ezagutzen den bidegurutzean). Parte-hartzaileek 10.500 metroko ibilbidea bete beharko dute.

Horraino ez da nobedaderik. XIX. edizioko berrikuntza nagusia txipean dago. Izan ere, lehenengo aldiz txipa dortsalean izango da integratuta, horrek suposatzen dituen abantailekin. “Korrikalariek ez dute fidantza ordaindu behar izango, eta jakina, lasterketa amaieran ez dute txipa entregatu beharrik izango. Hortaz, dena azkarrago joango da. Antolatzaileon ikuspuntutik, sistema berriak lanak erraztuko dizkigu materiala banatzean, eta bereziki, lasterketa amaieran”, adierazi dute Ostadar SKTko kideek.

Sistema berriak zenbait aldaketa egitera behar ditu antolatzaileak. Batetik, izena emateko plataforma aldaketa: www.sailkapenak.com webgunera jo beharko baita izena emateko (www.ostadarskt.org webgunean ere eman daiteke izena). Bestetik, txip horirik ez da onartuko, sistema berriak ez baitu txip horia daukaten korrikalarien denbora neurtzen.

Hortaz, partehartzaileek dortsalak eta kamiseta teknikoak baino ez dituzte jaso behar izango –derrigorrezkoa da egiaztagiriren bat aurkeztea: Internet bidez izena ematen dutenek, NAN, ENHA edo bestelakoren bat; eta lokalean izena ematen dutenek, bertan  jasoko duten agiria–. Dortsalak larunbatean eta igandean banatuko dira Mitxelingo frontoian; larunbatean, goizeko 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 19:30etara. Igandean, berriz, 9:00etatik 10:00ak arte soilik. Horren harira, korrikalari guztiei, eta batez ere herritarrei mezu hau helarazi nahi izan diete antolatzaileek: “Ahal duzuen neurrian jaso beharrekoa lasterketa bezperan jaso; modu horretan lasterketa egunean lasaiago ibiliko zarete eta guk ere igandeko korrikalari ilarak saihestuko ditugu”.

Bat zenbakia

Lasterketaren aurkezpenean, antolatzaileek 1 zenbakia banatu dute edo hobeto esanda, banatu dituzte. Izan ere, aurtengoan gurpildun aulkian aritzen diren korrikalari guztiek eramango dute bat zenbakidun dortsala. Lontxo Esnaola herritarrak jaso ditu 1 zenbaki guztiak, berak egiten baitu zubi-lana antolatzaile eta atleta kolektibo horien artean. “Guretzat ohore handia da kirolari hauek urtero gurekin izatea. Atleta hauen baloreak txapela kentzeko modukoak dira: mugak gainditzeko grina, zailtasunen aurrean aurrera jotzeko borondatea, konstantzia, sakrifizioa, elkartasuna… Eta guztien artean aipamen berezia egin nahi diogu Lontxo Esnaolari. Urte guzti hauetan gurekin izan dugu, hasiera batean lehiatzen, eta ondoren zubi lana egiten”.

Lasterketaren xehetasunekin hasi aurretik, Ostadar SKTk eskerrak eman dizkie lasterketa antolatzen diharduten eta lasterketa egunean laguntza emango duten guztiei. Krisi garaiak diren honetan, lasterketa aurrera ateratzeko babesa eman duten guztiak izan dituzte gogoan, “bereziki Etxezarreta harategia, Avenida taberna, Frutas Ruiz fruta-denda, Orvy inprenta eta Lasarte-Oriako Udala. Gehienak herriko komertzio txikiak izan arren, enpresa handiak bezala portatzen direlako”, esan dute.

Izen-ematea, astelehenetik aurrera

Aurkezpen ekitaldian aurreratu dutenez, izen-ematea astelehenean, urriaren 13an, zabalduko da. Hortaz, korrikalariek bi asteko epea izango dute izena emateko, baina antolatzaileek “azken unera arte ez itxaroteko” gonbitea egin diete.

Izena emateko aukera ugari daude. Ostadar S.K.T.k Geltoki kaleko 25. zenbakian duen egoitzan astelehenetik ostiralera (17:00etatik 20:00etara) edo hilaren 18an (11:00etatik 13:00etara) egin daiteke; www.ostadarskt.org edo www.sailkapenak.com web orrialdeetan eta lasterketa egunean Mitxelingo frontoian (9:00etatik 10:00etara).

Izen-emateak 12 euroko balioa du; Ostadarreko bazkideentzat, 8 euro. Azkeneko egunerako uzten dutenek –kasu guztietan–, 20 euro ordaindu beharko dituzte.

Urtero moduan, korrikalari guztiek kamiseta tekniko bana jasoko dute opari, kirol asegurua izango dute, lasterketa amaitzean Lasarte-Oriako kirol instalazioak erabiltzeko aukera izango dute eta hainbat opariren zozketetan parte hartuko dute (kirol ekitaldiak ikusteko sarrerak, kirol materiala, afariak…).

Korrika festa

Nagusien lasterketa eta sari-banaketa ekitaldia amaitzean, 12:15ak aldera, Korrika Festaren XIV. edizioa hasiko da. Antolatzaileek bost eta hamalau urte arteko 700 korrikalari inguru espero dituzte–. Sei mailatan banatu dituzte, eta adinaren arabera 100, 150, 400, 800 eta 1.200 metroko ibilbideak osatu beharko dituzte. Izen-ematea Ostadar S.K.T.ren egoitzan egin behar dute. Gaztetxo bakoitzak 5 euro ordaindu behar ditu, eta trukean, kamiseta bat, domina bat eta edateko jogurt bana jasoko dituzte.