PSE-EEren mozioa hurrengo astearteko udalbatzarrean

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urriaren 10a

Mozio bat aurkeztuko du PSE-EEk hurrengo udalbatzarrean. Eskatuko dute erakusketa areto bihurtzeko ‘Antonio Mercero’ museoa egiteko udaletxean bideratutako espazioa. Hori posible egiteko, eskatuko dute araudi bat egitea, espazio horren funtzionamendua zehaztuko duena.

‘Antonio Mercero’ izeneko museoa egiteko espazio bat bideratu zuen PSE-EEk udaletxean, bere azken legealdian. Zine zuzendari eta gidoilariaren ibilbide profesionala erakutsi nahi zuten museo horretan.

Krisiaren eragina

“Krisi ekonomikoa dela eta, Udalak erabaki du proiektu horrek ez duela lehentasunik, eta kaxoi batean gordeta utzi du. Erabaki hori hartu arren, azpiegiturari buruzko erabaki bat hartu beharra dauka Udalak. Ezin dugu gisa horretako espazio bat hutsik utzi horrenbeste denboran”, adierazi du ohar bidez PSE-EEko bozeramaile Jesus Zaballosek.

“Egoera ekonomikoa hobetu bitartean, alderdi sozialistak proposatzen du erakusketa areto bezala erabiltzea espazio hori”, zehaztu du Zaballosek. Proposatu du herriko artistei eskaintza gune hori, beraiek kudeatu eta eskaintza kulturala garatu dezaten.