Hiria eta Herria

Jexux Artetxe 2014ko urriaren 10a

Lasarteoriatarrok ia 30 urte daramatzagu udalerri bezala antolatuta. Gure historia luzearen aurrean, tarte laburra bada ere, hiriaren morfologiari dagokionean gure herriaren sasoi bikainena izan dugula esan daiteke. Udala lortu eta gero, agintariek hirigintza ona egin dutela irudi-tzen zait. Ekonomiaren urte onenak baliatu ditugu gure bizilekua konpondu eta txukunago uzteko. Hiru hamarka hauen ondoren, kale egiteak ere nabarmendu diren arren, hiri azpiegituren alorrean gauzak ondo egin direla agerikoa da.

Hirigintza ikuspegiek, hiri eraketa eta udal zerbitzuen jarraibideek, ondo erroturik egon behar dute nonbait, gertatu aldaketa politikoak gutxi eragin diela bistan delako. Denok dakigu, ordea, herria egitea egitura urbanoak sortzea baino askoz gehiago eta zailagoa dela, ez dela bakarrik hirigintza. Eta badakigu halaber, herrigintzaren ardura ez dagoela erakundeen esku soiletan. Herrigintzaren muina den elkarbizitza, batik bat. Nagusiki, herritar garen guztion erantzukizuna dena. Eta hortxe izan dugu hutsik handiena.

Jon Sarasuaren metafora erabil-tzeagatik, Etxea (hiria) berritzen ari ginen bitartean, Sua (auzokidetasuna) itzaltzen ari zela ikusita ez ginen gauza izan ezer egiteko. Gure artean, indarkeria, mehatxua eta beldurraren leizeak irekitzen eta zabaltzen ari zirela konturatu baginen ere. Horren itxura ederreko bizilekua, herritar batzuentzat kaiola bihurtzen ari zela ikusteraino. 

Horregatik, bertan bizi garenon arteko harremanak normaltzeko ahaleginetan ari gara biltzen udalak bultzatutako foroetan. Bizikidetzaren gaineko ikuskera ezberdinak azaltzen ari dira. Ez da harritzekoa. Lasarte-Oriakoa ez baita ‘pentsamendu bakarreko’ gizartea. Hala ere, elkarbizitza normaltzeko, guztion ongiari begira ari bagara, gizaki guztiekiko errespetua ardatz duen oinarri etikoa behar dela ados jarriko gara zalantzarik gabe. Bestela, alferrik ariko gara eta ez dugu herrigintzan ezer ere aurreratuko.